Aiaraldea Komunikazio Leihoak beste leiho bat zabaldu dio euskarari: irratia.
Hain zuzen ere, Aiaraldea Irratia euskara hutsezko internet hedabidea sortu dute hainbat herritarrek. Txabi Alvarado arduradunak azaldu duenez, internet irratia izango bada ere formatu eta bide ezberdinetan egongo da entzungai: "Irrati aparatuetan Uhinak Irrati Librearen bidez entzun ahal izango da, 96.5 FM frekuentzian. Mugikorrean, interneten eta sare sozialetan ere egongo da aditzeko aukera". Sakelekoetan entzuteko Uhinbak eta Tune-in aplikazioak erabili behar dira. Interneten, aldiz, fm.aiaraldea.com webgunean bilduko dute eduki oro.
Proiektua Aiaraldea euskara hutsean irratirik ez zegoela-eta sortu dute: "Eskualdean lau irrati daude: Uhinak, Radio Llodio eta Radio Ayala. Alabaina, guztiak elebidunak dira eta euskarari oso tarte gutxi eskaintzen diote ". Hori dela-eta, tokiko hedabideak euskalduntzeko deia luzatu dute: "Aiaraldea Irratiko programa guztiak Arrosa sarean egongo dira eskura, lizentzia libredunak direnez edonork erabili litzake". Uhinak Irrati Libreak, esaterako, Aiaraldea Irratiak ekoitziko dituen irratsaio eta mikrosaioak bere parrillan txertatuko ditu.
15 irratsaio
Aiaraldea Irratia eskualdeko eta Euskal Herri mailako irratsaioekin osatu dute. Dena den, eskualdeko norbanako eta eragileen partaidetza nabarmendu du Alvaradok. Izan ere, 15 programa propio ekoiztuko ditu Aiaraldea Komunikazio Leihoak. Horien artean daude Klioren basoa (Historia), Ai Zapotxin (Bertsoalritza), Aiszirimola (Aisialdiko hezkuntza), RZ (gomendioak) , Erraldoi Txikiak (musika) , Etxetik hurbil (Zinema), FolkOn (Musika), Taupadaz Taupada (Taupaka elkartea), Piztu da Piztia (Gazteria), Hau mende miserablea (ipuinak), Niretzako unea (musika), Metalurgia (musika), Jeikill doktorea (musika) eta Harian magazina . Azken horrek Aiaraldeko, Euskal Herriko eta munduko berriak jaso eta zabalduko ditu ordu batez.
24 orduko emisioa egingo du Aiaraldea Irratiak. Horretarako kanpo ekoizpenak ere baliatuko dituzte, Alvaradoren esanetan: "Elhuyarren Quark programa, Zebrabidea eta Ibaizabal magazinak, Esanak esan, Artayorrean baino Radioformulan hobeto, Matxura buruan ta ibili munduan, Zuria Beltzez, Gurasuak, Bertxoko, Celosamente gordea, Munduko htosak, Gonekin ero beor eta Hiru Kortxea dira beste irratietatik gurean hartuta gurean ere txertatu ditugunak".
Azken ukituak ematen ari direla-eta, ostegunetik aurrera egongo da entzungai Aiaraldea Irratia.