Laudio BHI ikastetxeko ikasleek Aiaraldea Komunikazio Leihoak antolatutako multimedia rallya burutu dute gaur goizean. Hiru ordutan bideoak, argazkiak eta blogak landu dituzte. DBH4 eta Batxilergo artistikoko 25 ikaslek hartu dute parte udazkeneko multimedia eskolen baitan egindako lehenengo saioan. Gazteek laburmetrai baterako gidoia pentsatu, prestatu eta grabatzeko aukera izan dute. Ondoren, edizioari ekin diote. Batzuk grabatzen ibili diren bitartean besteek argazkigintza landu dute. Hala, irudi bidez istorioak kontatzeko storyboard dinamika gauzatu dute. Hezigune guztietako rallyen emaitzak multimediarallya.blogspot.com.es webgunean egongo dira ikusgai.
Eskualdeko bost ikastetxe ezberdinetan egingo dira multimedia rallyak. Hurrengo saioa Amurrioko Zaraobe institutuan izango da, abenduak 14ean.