Euskal Herrian, Espainian eta Europako hainbat herritan greba eta mobilizazio eguna izan zen atzo. Euskal Herri mailan, CCOOek, ESK-CUISek, UGTk eta beste hainbat taldek deitu zuten greba, murrizketak salatzeko. Sergio Perez UGTko sindikalistaren hitzetan grebak eragin eskasa izan zuen Aiaraldean. "Eskualdean jarraipen gutxi izan zuen greba orokorrak", aitortu du Perezek. Batez ere, Tubos Reunidosen eta Megatech lantegietan nabaritu zen eragina: "Industria handietan, ordezkaritza dugun tokietan". Renfek %30 murriztu zituen tren zerbitzuak. 6:00etatik 9:00etara neguko ordutegian aurreikusita dauden trenen %35 baino ez ziren abiatu.
Eguerdian eta arratsaldean Gasteizen egindako manifestazioan milaka lagun elkartu ziren. Aurrera begira, lanean eta ildo beretik jarraitzeko asmoa agertu dute azaroak 14ko grebaren deitzaileek; "ikusiko da ea gobernuek nola erantzuten duten".