"Barreak hipertentsioa jaisten laguntzen du, emozioak askatu, 400 muskulutik gora mugitu... terapeutikoa da"

ZIORTZA GIL (Amurrio, 1988) aiaraldearra barreterapia dinamizatzailea da. Oraintsu Algarabizi  proiektua abiatu du, eta Amurrioko yoga eskolan klaseak ematen dabil. Epe motzean, eskualdetik ikastaroak eskaintzea du buruan.

Algarabizi izenean topagune bat sortu duzu Amurrioko Yoga eskolan, nolatan?

ZIORTZA GIL (Amurrio, 1988) aiaraldearra barreterapia dinamizatzailea da. Oraintsu Algarabizi  proiektua abiatu du, eta Amurrioko yoga eskolan klaseak ematen dabil. Epe motzean, eskualdetik ikastaroak eskaintzea du buruan.

Algarabizi izenean topagune bat sortu duzu Amurrioko Yoga eskolan, nolatan?

 Orain dela urte eta erdi bat, telebista ikusten, barreterapia ikastaro bat ikusi nuen zahar-etxe batean; Dinamizatzaile batek, areto handi batean, pilota bat botatzen zien aitona-amonei eta hauek, jasotzean, algara handi bat bota behar zuten. Bat-batean, aretoa algara handi bat bihurtu zen eta automatikoki ordenagailuan barreterapiari buruzko informazioa bilatzen hasi nintzen. Terapia hori zertan oinarritzen zen jakin nahi nuen eta berehala aurkitu nuen Bartzelonako eskola baten web gunea. Eskola honek, bederatzi hilabeteko ikastaro bat eskaintzen zuen Bilbon eta pentsatu barik apuntatu nintzen, oraindik barreterapia, oso ondo zer zen jakin barik.

Bederatzi hilabete eman ditut nire barrea eta barreterapiaren onurak ezagutzen eta ikastaroaren lehenengo egunetik konturatu nintzen hau nire mundua bihurtu nahi nuela; Barreterapia Dinamizatzailea izan nahi nuelaa eta oso argi neukan, ikastaroa amaitzean, terapia hau gure inguruan ezagutzera eman nahi nuela. Horregatik, titulua eskuan izanda, areto bat bilatzen hasi nintzen Amurrion, Yoga eskolarekin topo egin arte.  Nire helburua, esan bezala, barreterapia gure ingurunean ezagutzera ematea da eta horretarako Aiarako hainbat herritik ikastaroak egitea pentsatuta daukat. Algara, mundutik zabaldu beharko genukeen epidemia dela uste dut eta horregatik ez naiz Amurrion geratuko.

 Barreterapia ikastaroa dinamizatzen dituzu, zertan datza?

 Gizarte estresatu batean bizi gara; txikitatik irakatsi digute besteak baino hobeak, azkarragoak, politagoak eta aberatsagoak izan behar garela. Kaletik ibiltzen gara gure albokoak begiratu gabe, gure erantzukizun eta arazoekin itsu. Eginbehar asko ditugu gainean eta ez zaigu denborarik geratzen gure gorputzak eskatzen diguna entzuteko. Barreterapia ikastaroan, arazo eta erantzukizun guztiak kalean uzten ditugu eta gure oinarrizko beharrei baino ez diegu erantzuten. Barreterapiaren helburua oso sinplea da, gure jatorrizko barrea ateratzea. Horretarako, bi orduko espazio libre bat sortzen dugu non, jolas, mugimendu eta barreneko barrearen bidez, gure barreneko haurra ateratzen saiatzen garen. Hala ere, nahiz eta nik azaldu, ez dago etortzea eta probatzea bezalakorik!

 

Barreneko barrea askatzeko formakuntzan ari zara Bartzelonan, orohar, barrea hain gordea dugu?

 Oso galdera ona! Jendeak, barreterapia ikastaroaren kartela ikusten duenean, bere lehenengo erantzuna beti da: “Zertarako? Nik barre egiten dut jada!” eta nik ez dut zalantzan jartzen. Baina, nik nire esperientzia baino ezdut kontatuko: ikastarora apuntatu nintzenean, nahiz eta zer zen ez jakin, bere izenak zioen bezala barre egin nahi nuelako apuntatu nintzen, denboraldi txar bat pasatzen ari nintzen eta barre egitea behar nuen. Hala ere, inoiz ez dut arazorik izan barre egiteko, egia esanda, egun osoa nenbilen irri batekin baina denboraldi txar hori pasa eta gero nire irria galdu egin zela ikusi nuen. Lehen esan dudan bezala, bederatzi hilabete eman ditut nire barrea ezagutzen. Ezagutzen esaten dut, nahiz eta lehen barre egin, inoiz ez dudalako nire barrea entzun. Haurtzaro zoriontsu bat izan dut eta inoiz ez dut gaixotasun larririk izan, ez daukat inolako traumarik, senide pare bat eta lagunen bat galdu ditut bidetik baina hala ere pertsona zoriontsu bat naizelakoan jarri dut beti nire burua. Hala eta guztiz ere, nire gorputzak hainbat blokeo fisiko eta emozional zituen eta blokeo horiek nire barreneko barrea ateratzea eragozten zidaten. Barreterapia sesioak aurrera joan ahala, blokeo horiek desagertzen joan ziren nire algarari bidea utziz eta egun hortik aurrera, algarak nirekin jarraitzen du.

Barreterapiaren helburua, bakoitzak barruan daukan barre propio hori azaleratzea da. Azkenean jarrera aldaketa bat da, bizitzarekiko duzun ikuspegiaren aldaketa. Bizitzarekiko duzun ikuspegia aldatzean, zure bizitza aldatzen da, zure premiak aldatzen baitira.

 

Zertan laguntzen du barre egiteak?

 Barre egiteak hainbat onura ditu gure gorputzean.Lehenengoa eta guztiok nabaritzen duguna ondo sentiarazten gaituela da, mundua positiboagoa ikusten baitugu hainbat minutu barre egin ondoren. Gorputzean 400 muskulutik gora mugitzen dira, aurpegi osoko zirkulazioa hobetuz. Malkoak isurtzen dira, begiak garbituz.Zerbikalen bibrazioak bertako tentsioa askatzen laguntzen du. Diafragmaren mugimenduak barrenak masaia ematen ditu, digestioan lagunduz. Biriketan aire kantitate bikoitza sartzen da arnasa hobetuz Hipertentsioa jaitsi eta odol zirkulazioa hobetzen du presio arterialak behera egiten baitu. Muskulu sistema erlaxatzen du.Serotonina, oreka emozionalean eragina duen hormona, gehiago produzitzen da.Dopamina izeneko neurotransmisoreak gora egiten du, neuronen arteko konexioan eraginez.Adrenalinak gora egiten du. Depresiorako joera murrizten du. Emozioak askatzen laguntzen du.Estresa ezabatzen laguntzen du.

Barre egiteak efektu onak baino ez ditu ekartzen: gorputzerako onuragarria izateaz aparte, bizitza positiboagoa ikusten eta, blokeo emozional eta fisikoak askatzen laguntzen du, barre egiteak egoera fisiko eta emozionala hobetzen du. Barre egitea terapeutikoa da.

 

 Zer egin liteke algaraz bizitzeko?

 Ez dago algararen errezeta magikorik, hala ere, bizitza beste begi batzuez begiratzen ikastea ez legoke txarto. Barreterapia ikastaro batera etorri ondoren, bizitza beste modu batez ikusten ikasten duzu, positiboagoko prisma batetik. Arazoak, arazoak dira mundu guztiarentzako eta beti hor egongo dira baina, modu positiboago batean ikusten baditugu errazagoa egingo zaigu arazo horiekin aurrera jarraitzeak. Zure pentsaera aldatzean, mundua aldatzen da. Horretarako, gure buruaz barre egiten ikasi behar dugu. Mundu honetara esploratzera etorri gara eta bi egun baino ez ditugu, azken finean bi egun horiek guk aprobetxatzen ez baditugu inork ez ditu aprobetxatuko gure partez. Paulo Coelhok esaten duen bezala : “bizitza ez da ekaitza noiz amaitzen den zain egotea, euripean dantzan ikastea baizik” eta nire helburua, algararen bidez euripean dantzan irakastea baino ez da.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide