Alderdi Popularrak atzo egin zuen ekitaldi politikoa Laudioko Aldai plazan. 200 lagun inguru hurbildu ziren Alfonso Alonso eta Javier de Andresen hitzak entzutera. "Igandean bozka bidez azalduko diogu PSEri zer nahi duen Arabak. Eta, EhBilduri gizarte honek bakea eta elkarbizitzarako duen nahia", adierazi zuen Alfonso Alonsok.
Iraganari begiratuz, PPk ETA garaitzeko izandako ausardia nabarmandu zuen: "Aurpegira hiltzaileak deitzekoa.Pertsonak ezberdinak garelaren jakitun, jendarte tolerantea eraiki nahi dugu, herriz herri eta auzoz auzo biolentzia erabiltzen dutenak soilik daude soberan". Gernikako estatutua euskaldun eta espainiarren arteko akordioa da Alonsoren ustez. EAJk hizpide duen akordioen inguruan, Gernikako estatutuarekiko eta Espainiar Konstituzioarekiko leialtasuna azpimarratu zuen; "horiek urratzen dituenak ez dezala gurekin kontatu".
EAJri eta EHbilduri kritika
Enpresak arriskuan jarri arren, bestelako ekonomia eredu baten alde arriskatzea erabaki du EhBilduk, Laura Mintegi lehendakarigaiaren esanetan. Alfonso Alonsori ulertezina zaio Mintegiren adierazpena: "Mojaz jantzita zetorren baina toga kendu du kanpainan zehar. Garai hauetan nola da posible halako arriskuak hartzea? Guk 30 urte eman ditugu gure bizitzak arriskuan jartzen Laura Mintegi eta Bildukoak bezalako jendeagatik".
Alonsoren arabera, euskaldunei egonkortasuna eta elkarbizitzarako lasaitasuna eskainiko die PPk, "EAJkoek badakite jendeak bi euskadi izateko beldurra duela. Horregatik ari dira Araban telefonoz etxe guztietara deitzen. Denei ez, Bildukoak ez dut uste deitu dituztenik haiekin ez dutela akordiorik egingo esateko ezta Gipuzkoako Diputazioari zentzura mozioa babestuko dutela aurreratu eta maletak prestatzea gomendatzeko ere. Hori hauteskundeen eguna eta gero egingo dute; EAJk eta Bilduk diputazioa PPri kentzeko aurreko hauteskundeetan Araban gertatu bezala".
Urteetan zehar ETAren biolentzia edo gorrotoagatik alde egin behar izan duten herritarren lana goraipatu zuen. Era berean, hauteskunde legea aldatzeko PSEri eskua luzatzeko prest dauela adierazi zuen. "Datorren astean legebiltzarrean ETAk isildutakoei ahotsa itzultzeko proposamena aurkeztuko dugu", aurreratu zuen.
Bozkaren garrantzia
PP bozkatzeak duen garrantziaz ere mintzatu zen Alonso: "Zenbat eta bozka gehiago izan, orduan eta indar zein aukera gehiago izango dugu gauzak aldatu eta Urkulluk bezala batzuek buruan dituen ideia zentzugabeak baztertzeko". PSEkoek utzitako hutsunea konpontzea zaila izango dela aitortu zuen: "Arazoak baino konpromiso eta ausardia handiagoa du PPk. Espainia EAJ baino askoz indartsuagoa da". Bide horretan, Euskal Herria Espainia eta Europari lotzeko eskaera egin zuen: "Euskadi Espainiaren inbidia eta Europan erreferentzia izatea duen orori dei egiten diot PP bozkatzera. Hauteskunde hauetan EAJ, PP eta enpresak bota nahi dituen Bilduren arteko lehia dago jokoan. Antonio Basagoitiren aldeko boza da eraginkorra izan daitekeen bakarra".