Eusko Alderdi Jeltzaleak ekitaldi politikoa egin zuen atzo Laudioko Aldai plazan. Jende andana hurbildu zen Xabier Agirre Arabako zerrendaburua eta Iñigo Urkullu lehendakarigai jeltzalea entzutera. Besteak beste, Juan Jose Ibarretxe lehendakari oiha eta Josune Irabien Amurrioko alkatea.
Iñigo Urkulluren esanetan enpresen itxiera, langabezia, etxegabetzea... dira egungo kezkarik nagusienak. Urriaren 21eko hauteskundeak eta gero ere lanean jarraituko dutela nabarmendu zuen: "Urriaren 22an alderdi politiko guztiak elkartuko ditu EAJk, akordioak egiteko. Astelehenen goizean zuen zain egongo naiz, lanerako prest". Krisi ekonomikoari dagokionez EAJk konpromiso tinkoa duela adierazi zuen, "hitzetatik ekintzetara pasatzea".
Akordio eta aro berri baten beharra
EAJren politika ereduari buruz akordio zabala behar dela zulotik gorantza ateratzeko esan zuen. Kanpainan zehar gazte jeltzaleek egindako lana nabarmendu zuen: "Ondo prestatuta daude, lanerako prest. Guri dagokigu laguntza eskaintzea, lan aukerak sortzea eta hori ere lortuko dugu". Oraineaneta etorkizunean norabide berean arraun egiteko proposamena luzatu zuen Urkulluk: "Liskarrak albo batera utzi behar dira, krisitik denok batera ahal izateko".
Laura Mintegi EHBilduko lehendakarigaiak erabakitzeko eskubidea alderdi politiko guztien artean adostu eta bultzatu behar zela adierazi zuen. "Badirudi EAJk urteetan proposatutako formula bere egin nahi duela ezker abertzaleak orain. Pentsioen mehatxutik tira egiten duenak bere gabeziak ezkutatzea du helburu".
"Jendarteak beldurrak usatzea eta konfiantza behar du, aro berri bat eraikitzeko egiak", zehaztu zuen. Horri erantzuteko jeltzaleen proiektua defendatu zuen hautagaiak: "Alderdien banaketaren ordez akordioa bultzatu behar da, jendeak esperimentuen aurrean esperientzia baloratu behar du... Horregatik eskatzen dugu igande honetan bozka".
Industria ardatz
Hala, krisialditik ateratzeko akordio eta elkarlanaren garrantzia aipatu zuen: "Egoera oso zaila da, krisialdia latza da. Egoera honen aurrean elkartu eta elkarlana egin, ez dago beste aukerarik. Krisialdia baino indartsuagoa izan behar gara. Norbera bakarrik oso txikia da, baina denak batera aurrera aterako gara. Duela 30 urte lortu genuen, eta lortuko dugu".
Egoerari buelta emateko industria sustatzeko apustua azaldu zuen: "Industria da Euskadiko ekonomiaren sekretua. Bidea ezaguna dugu baina berrikuntzaren aldeko apustua indartu, finantza eta ikerkuntza bultzatu, nazioartean merkatu berriak bilatu, enpresa berriak sortu...ekonomia bultzatzea enplegu berriak sortzeko. Hori da gure apustua eta bete egingo dugu, hitza ematen dut".
Gobernua kudeatuz gero, administrazioan gerrikoak estutzeko aukeraz mintzatu zen, eta beharrezko inbertsioak ez direnak atzeratzeaz. "Jendeari jarriko diogu arreta, inor ez dadin atzean geratu. Ekonomia bultzatuz nazioartean gure marka propioa zabalduko dugu, Basque Country".