Udako postalen lehiaketatik epaileek aukeratutako 20 argazkiak erakusketa bilakatu ditu Aiaraldea Komunikazio Leihoak. Txapelketa Juan Mari Yandiolak irabazi zuen, Vietnamen ateratako argazki bati eskerrak. Guztira, 154 jaso zituen elkarteak. Asterik aste, ordea, herri ezberdinetan ikusteko aukera izango dute aiaraldearrek argazki hautatuen bilduma. Izan ere, eskualdeko zortzi herritan egongo da ikusgai erakusketa ibiltaria.
Urriaren 21 bitarte, esaterako, Amurrioko Bañueta kiroldegian pilatuko dituzte lanak. Urriaren 22tik 29ra, ordea, Laudioko kultur etxean jarriko dituzte argazkiak. Ondoren, Arrankudiaga-Zolloko gizarte etxera mugituko dute. Aurreratu dutenez, Okondon, Aiaran, Orozkon, Artziniegan eta Urduñan ere bilduko dituzte aurtengo udako postalen lehiaketak utzitako aleak.