Jose Maria Beaskoetxea Urduñako Alderdi Popularreko ordezkariak Urduñederra sustapen ekonomikorako sozietate publikoa behin-betiko ixtea berretsi du. Prentsa ohar bidez, duela aste batzuk zabaldutako Urduñaderraren gastuetako datuak zuzendu dituzte: sei langileren soldatetan 266.000 euro erabili ziren 2009an, 85.000 euro gizarte segurantzan eta bestelako gastu sozialetan 10.000 euro. 2010ean 359.000 euro bideratu ziren zerbitzu horietara, eta 2011an 286.000. Aurten, ordea, 232.000 euroko inbertsioa egitea adostu zuen Urduñako udalak.
Beaskoetxearen aburuz, diru publikoaren etengabeko gastua suposatzen du proiektuak: "Sos horiek herritarren beharrak asetzera bideratu beharko liratezke, batez ere egungo krisi egoeran". PPkoen iritziz, badira beharrezkoak diren beste zerbitzu batzuk ere: larrialdi, gizarteratze eta lanerako laguntzak; edo etxez etxeko zein adinez nagusientzako laguntza zerbitzuak kasu. "Horiek 34.000, 9.000, 88.000 eta 8.000 euroko dirusaria jasotzen dute soilik, hurrenez hurren", salatu du.