Arrastarian ezarri lezaketen ez-ohiko gas sistema dela-eta hitzaldia eskainiko du Fracking Ez Araba plataformak bihar. Hitzordua 19:30ean izango da, kultur etxeko 104.gelan. Frackinga, leherketa sistema bat da, ur azpiko harriak apurtu eta bertatik gasa ateratzeko. Plataformaren arabera, teknikak airea, ura eta gizakia kutsatzeko arriskua handia sortzen du.
Sistema hori ezartzeak sortu litzazkeen kalteak medio, frackingaren kontrako mozioa onartu zuen ekainean Amurrioko udalak. Laudioko udalbatzan, aldiz, proposamena atzera bota zuten. Alabaina, EAJk aurkeztutako mozio alternatiboari onespena eman zioten; fracking teknikari dagozkion prozedura legal guztiak betetzea eskatzeari hain zuzen ere.
Urduñako hitzaldiaren bidez herritarrak informatzea du helburu arabar plataformak. Bestalde, "Frackinga ez hemen ez inon" lemapean urriaren 6an Gasteizen egingo duten manifestaziora deitu dute.