Ostiraletik igandera auzoko jaiak antolatu ditu Lateorroko Jai Batzordeak. Aurtengo berrikuntzak hiru dira: umeei egokitutako mendi martxa, baserritarrek egindako produktuen erakusketa eta Arloteen emanaldia. Batzordearen arabera, eskaintza zabala prestatu dute: zaldi probak, arrano erakustaldia, bizikletaz osatzeko gynkana... Iazko herri bazkariak izan zuen arrakasta nabarmentzearekin batera -200 lagun bildu ziren- herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte.
Musikari dagokionez ostiralean Oihan Vega irrati esataria ariko da musika jartzen. Larunbatean, aldiz, Memoria de Pez rock taldeak eta Akerbeltz erromeriak joko dute. Ohiturak mantenduz, igandean 33. edizioa izango duen marmitako txapelketa egongo da.
"80 eta 90.hamarkadetan Lateorroko jaiek ospe handia zuten, baina azkenengo urteetan garrantzia galtzen joan dira. Hori dela-eta, iaz gazte talde bat bildu eta Lateorro Jai Batzordea elkarte bihurtu genuen", azaldu dute. Iazko aurreikuspenak galaiki bete zirela ikusita, aurtengo jaietan arrakasta bera espero dutela gaineratu dute.