Lizarrako (Nafarroa) taldearekin bigarrenez, ABF liga irabazi ondoren Eli Pinedo eskubaloilari amurrioarrak Itxako taldea utziko duela iragarri du. "Patri -ahizpa- eta ni oso pozik gaude Liga irabazteaz, denboraldi berean hiru titulu irabaztea amets bat da. Ezin da gehiago eskatu". Izan ere, ligaz gain Superkopa eta Erreginaren Kopa ere eskuratu dute aurten. Prentsari adierazi dionez, duela hiru urte laugarren postuan hartu zuen taldea, lehenengo postuan utzita alde egingo du. Ambros Martin entrenatzaileak jakinarazi zion datorren denboraldian ez zutela berarekin kontatzen "ez gara bateragarri. Taldean eta eskubaloian nire bilakaera ona izan dela esan zidan, profesional gisa konbentzitzen nuela, horregatik ez zuela nirekin kontatuko". Haatik, amurrioarrak gogoan du harmailan isilunea nnagusi zela ezusteko notizia ofizial egin zenean. Dena dela, Eli Pinedok dio ate handitik alde egingo duela. "Gauzak ondo egin ditudala uste dut, emaitzak ikustea besterik ez dago. Orain, aurrera begiratu behar dut". Patricia Pinedok ordea, urtebete luzatu du Itxakorekin kontratua.