“Jaiak herritik herriarentzat!”. Hori da Jai Herrikoien Aldeko Batzordea sortu duten lagunen helburua: “Gure herriko jaiak bultzatu eta eraikitzea da gure eginkizun nagusiena”. Parte hartze aktiboan oinarritutako festak antolatu eta kudeatzeko irizpide bera duten kultur eta kirol elkarte, jai-talde, txosna, gizarte eragile eta Amurrioko bizilagunek osatzen dute. Adierazi dutenez, Jai Herrikoien aldeko eragilea ez da herriko zaindariaren jaietara mugatzen, “urte osoan zehar alternatibak eskaintzeko jai kutsuko ekintzak sustatuz egonkortzen ari den lan esparru euskaldun, parekide eta parte hartzailea da, non festak gozatu eta bizi dituztenek erabakiak hartzen dituzten”. Horren adibidetzat dute azken bi urteotan onespen handia izan duen jai-taldeek antolatutako Puntazo eguna.“2008ko irailean burutu genuen Jai Herrikoien Aldeko Batzordearen aurreneko bilera eta inolako laguntza ekonomikorik gabe jai herrikoien aldeko ekintza ugari prestatu genituen 2009ko jaietan".
Aurtengo jaietarako ere, 30 ekitaldi prestatu dituzte jai herrikoien aldeko amurrioarrek. Besteak beste, porroi txapelketa, zurito-minuto, kalejirak eta kontzertuak izango dira. Txosnagunean esaterako, Itxaropen Zikina, Ametsgaizto, Apurtu arte, Patxaran Party, Izargi, Ze esatek eta Amaiur taldeek joko dute. Alabaina eskaintza ez da musikara mugatzen, ezen eta ipuin kontalaria, txalaparta ikastaroa eta bertso kupela bezalako ekitaldiak ere egongo dira. Hala azaldu zuten Jai Herrikoien Aldeko Batzordea osatzen duten Amurrioko Kuadrilek, Korroskada txosna batzordeak, AIEBEk, Sasien Sehaskak, Amurrioko Gazte Asanbladak eta Indar Torreta Hintxa Taldeak atzo Amurrioko parkean emandako prentsaurrekoan.
Argitu zutenez, 2004an 10 ekitaldirekin plazaratu zuten jai herrikoien aldeko aurreneko zita, baina txosnak jartzearekin nahikoa ez zela iritzita jendeak parte hartzeko batzordea eratzea erabaki zuten. Ordutik, Jai Herrikoien Aldeko Batzordearen arabera, Udalarekin biltzen aritu dira baina jaien inguruko erabakiak Udalak eta botere politikoek soilik hartzen zituztenez ezerezean geratu da bien arteko harremana. “Aurten, gainera Eudelen arautegia aplikatuko du Udalak. Gure ustez, erabaki horren atzean hautu politiko inposatzaile bat dago eta bere helburu bakarra jai herrikoien alde lan egiten duten zenbait kolektiboren jarduna mugatzea da. Talde horiei elkartasuna adieraztearekin batera argi eta garbi utzi nahi dugu Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak ez duela jai mugimendu herrikoien aurkako eraso politiko, judizial edo ekonomikorik onartuko. Ezta eraso zein jarrera sexistarik ere”.