Zubiko Kurajo kaleko bizilagunek eskatutako erreforma atzeratu egin da. Laudioko udal gobernuak aurrekontuetan urgentziazko inbertsio gisa katalogatu arren, 2012-2015 arte ez da posible izango. Bizilagunen arabera, euria egiten duen bakoitzean sotoak ureztatzen zaizkie. Udala, behin-behineko irtenbidea bilatu asmoz bizilagunekin bildu da.
EAJren aburuz, obra atzeratzearen erabakiak etsipena eta haserrea eragin du auzokideengan, "oso beharrezkoa da obra; urte asko daramatzate berau eskatzen". Maider Basterra zinegotzi jeltzaleak nabarmendu du biztanle horien jarrera ulertzen dutela eta EAJtik dirulaguntzaren bat lortzeko saiakera egingo dutela. "Udalaren aldetik konpromezu sendo bat eskatzen dugu ahalik eta lasterren obra hau egiteko beharrezkoa den finantzaketa lortzeko".
Natxo Urkixo alkateak egoera azaldu eta proiektua gauzatu arte alternatibak bilatzeari ekingo diotela agindu du.