Amurrioko Zaraobe institutuko Ikasle Abertzaleek hezkuntzan egin nahi dituzten murrizketen kontra maiatzaren 10eko mobilizazioan PPk hartutako jarrera salatu dute. Espainiar gobernuak ikasleei ezarritako neurriak bidegabeak direla iritzita, ikasle asanblada, manifestazioa eta eserialdia egin zuten Amurrioko PPko egoitzaren aurrean. Montserrat Canive Amurrioko PPko zinegotziak irainengatik salaketa jarri du. Ikasleek gezurtatu egin dute Caniveren adierazpena: "Ez zen iraindua izan, eta gainera, kalea aldarrikapenerkao gune askea denez pertsona orok dauka aldarrikapenerako eskubidea". Horretaz gain, protestan ikasleak grabatu izana salatu dute, "bertan bildutako ikasle gehienak adinez txikikoak ziren". Azpimarratu dutenez mobilizazioa egiteko baimena zuten.
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Wertek inposatu nahi duen hezkuntza erreformari ezezko borobila ematea zen ekimenaren helburua. Batetik, ikasleen eskubideak zapaltzen dituelako. Eta, bestetik, euskal hezkuntzaren kontrako eraso argitzat dutelako. Zerbitzu publikoen pribatizazioa, pentsioen izoztea, osasungintzaren pribatizazio ahalegina, lan erreforma basatia, BEZaren igoera, murrizketak soldatetan… Krisi ekonomiko eta zibila gazteek ordaintzea nahi dutela uste dute ikasleek. Haatik, eraso eta murrizketen aurrean antolatu eta borrokatzeko deia luzatu diote ikasleriari.
[video:http://youtu.be/g7M_FCkCKNQ width:360 height:250]