Berria egunkariak eskualdeko euskaldun eta euskaltzaleekin bilera bat deitu du gaurko. Hitzordua Laudioko Basalarrina elkartean izango da, 19:30ean. Batetik, "Zure ziztada behar dugu" kanpaina azalduko dute. Eta, bestetik, Arabako Hitza astekariaren proiektu berria aurkeztu.
Berrialagun bila
Berrialaguna, aurkeztuko duten kanpainaren bidez sortuden figura berri bat da, euskarazko proiektu horri babes ekonomikoa ematen diona. Egunkariak lanean jarrai dezan hilero 10 euroko ekarpena, urtean 100 eurokoa edo 200 eurokoa eskatzen dute. Trukean, Berrialagunen karneta, egunkaria pdfan jasotzeko aukera, Berria Taldearen produktuetan beherapenak, eta hainbat produktu zein zerbitzuetan deskontu bereziak eskaintzen dituzte. Dena dela, edozein kopurutako laguntza ekonomikoa onartzen dutela nabarmendu dute: "Urtean beste edozein kopuru aldi bakarrean edo lautan ordaintzeko aukera dago".
Sektorea, larri
Bestalde, euskarazko hedabideek sektorearen diagnostiko eta erronka komunak aurkeztu dituzte. Euskarazko komunikabideen lana 450.000 lagunengana iristen da. Horretarako, 600dik gora pertsona ari dira lanean ehun hedabide baino gehiagotan. Gogoratu dutenez, komunikazio teknologien garapenak krisi sakona eragin du: "Gogoratu besterik ez dago azken bi urteetan bidean geratu diren euskarazko komunikazio proiektuak: Tipi-Tapa telebista, Geu Gasteiz aldizkaria, Txaparro, Esan-erran irratia, Nabarra...".
Haatik, aurrera begira euskal hedabideek adostutako erronkak agiri batean bildu dituzte. Besteak beste, negozio eredua; lan baldintzak; salmenta, lehiakortasuna eta kalitatea eta erakundeen laguntza beharra nabarmendu dituzte. Era berean, ezinbestekotzat jo dute hedabideen behatoki bat sortzea. Garai zailei bakarka baino taldeka aurre egitea errazagoa dela iritzita, euskarazko komunikabideak elkarlanean jarraituko dutela azpimarratu dute.