Larunbat arratsaldean aurkeztu zuten Arespalditzan Aiarako mapa toponimikoa. Lanak, 1700-1800 toponimo biltzen ditu; izendapen zuzenarekin. Interneten dago eskura mapa, eta Aiarako etxe guztietara buzoneatuko da.
"Aiaraldearren ADNa". Hala laburtu du Felix Mugurutza egileak mapa toponimikoa. Izan ere, izenen bitartez informazio ugari jaso daiteke: "Beotegi-ri behorrak egoten ziren tokia zelako deitzen zaio horrela".
Aiarerria EAE osatzen duten 251 udalerritik hirugarren handiena da. Aiara, Araba eta Bizkaia bezalako probintzia zen, bere legeak egiteko ahalmenarekin. "36 herri zituen barnean. Baldomero Espartero (1793-1879) agintariak 1841ean desagerrarazi zuen probintzia. Gizon hau garrantzitsua da toponimian, 1835eko urtarrilaren 23an atentatu bat jasan zuelako Luiaondon. Ondorioz, etxe guztiak erre eta dokumentu ugari galdu ziren", azaldu du Mugurutzak.
Besteak beste, errepideak, bideak, errekak, errotak, ikastetxeak, mugarriak, mendiak... izendatu eta kokatu dituzte. Baita muga ofizialak eta herritarren mugak ere.
Mapako zentimetro bat errealitatean 200 metro dira.Euskarriaren alde batean, nola mapa hala euskarazko eta gaztelerazko lekuen izendapen zuzena idatzi dute. Beste aldean, aldiz, Aiarerriaren historia eta udalerria osatzen duten 24 herrien inguruko azalpena, airetik ateratako argazki batek lagundua.
Orozkoko toponimia, Urduñakoa, Artziniegakoa, Aiarakoa, Laudiokoa eta Okondokoa bildu ostean, Arakaldoko mapa izango da eskualdeko toponimia katalogatzeko Mugurutzaren hurrengo pausua. Argitalpen guztiak jpg, pdf eta ortofoto formatoan interneten daude eskura.