Ostiralean izan zuten Arabako Kuadrila arteko Bertsolari Txapelketako azken kanporaketa Aiaraldeko Altubepekoak taldekoek Gasteizen. Eguzkilore-erreka txiki txokoa izan zen aiaraldearren eta Gasteizko Eguzkilore taldearen arteko lehiaren lekuko. Eskualdekoen lehenengo kanporaketa otsailaren 12an jokatu zen Saratxun, eta Gasteizeko Muñoko Katuak taldearen aurka galdu egin zuten Altubepekoek. Alabaina, ostiralean ez zuten hutsik egin eta Eguzkilore taldearen aurka saioa irabazita finalerdietara sailkatu dira.
Gasteizeko saioan 70 bat entzule izan ziren. Giro ederrean afaldu ostean, saioari ekin zioten bertsolariek. Altubepekoen aldetik, Unai Mendibil, Ainhoa Comas, Serapio Lopez, Izar Mendiguren eta Julen Eizagirre aritu ziren bertsotan. Eguzkilore taldean, aldiz, Maite Solozabal, Uxue Ruiz de Arkaute, Amaia Lasaga, Maialen Saez de Okariz ibili ziren kantuan.Saioa bizia eta orekatua izan zen.Epaileek, saioa Altubepekoek irabazi zutela ebatzi zuten; ondorioz, Aiaraldea-Gasteiz ligako talde guztiek saio bana irabazi izanagatik berdinketa hirukoitza suertatu zen. Jokatutako kanporaketetan puntu gehien bildu dituen taldea izanagatik Aiaraldeko Altubepekoek egingo dute txapelketan aurrera.
Martxoaren 10ean, finalerdia
Martxoaren 10ean, larunbata, 17:30ean izango dute finalerdia aiaraldearrek. Zigoitiako aretoan Kakiturri-Ehari taldea izango dute aurkari. Saio horretan garaile ateratzen denak, martxoaren 24ean Aramaion jokatuko den finalean egoteko txartela eskuratuko du.