Torturaren aurkako eguna salatzeko ekimen ugari egin dituzte gazte independentistek. Herriko estatua guztiak poltsa batekin buruan azaldu dira. Ohar bidez adierazi dutenez, inkomunikazio aldian torturatzea ez delako ekiditzen egin dute ekimena.
12:00etan, 30 lagun inguruk kontzentrazioa burutu dute Lamuza plazan "Torturarik ez, aski da!" lemapean. Gogoratu dutenez, 2007-2011 urteen artean 223 gazte atxilotu zituzten Ertzaintzak, Guardia Zibilak edo Polizia Nazionalak. "223 gazte horietatik 212k inkomunikazio aldian torturatuak izan zirela salatu zuten".
Torturaren Aurkako Taldearen arabera (TAT), 10.000 euskal herritarrek salatu dute tratu txarra azkenengo 50 urteetan. Horietako batzuren testigantzak bildu dituzte "Tortura Euskal Herrian" dokumentalean. Ikus-entzunezkoaren emanaldia ostiralean egin zuten kultur etxean gazte independentistek. Proiekzioaren ondoren, Anabel Prieto eta Gaizka Jareño torturatuek tratu txarren helburuak, metodoak eta ondorioak azaldu zituzten. "Kolpeak, eraso sexualak, poltsa, ariketa edo postura fortzatuetan egotera behartzea... Ni kartzelara pozik sartu nintzen, dena bukatu zela esan nahi zuelako", kontatu zuen Jareñok.
TATen esanetan, torturaren esperientziak, norberaren identitatea kolokan jartzeko prozesu bat suposatzen du: "Torturatzeko metodoak aldatuz joan dira urteetan zehar. Gaur egun era sofistikatuagoak erabiltzen dira, mediku-ikerketa batean atzeman daitekeen aztarnarik ez uztera bideratuak. Horrela, psikologikoak deritzen teknikak ezustean sartu direla ikusten da".
Torturarekin amaitzea "denen" lana dela iritzita, tratu txarra salatu eta mobilizatzeko deia egin dute.