Gaur bukatu da 19 aiararren aurkako epaiketaren ahozko saioa Madrileko Auzitegi nazionalean. Fiskalak eta akusazio partikularrak Aitor de la Torre auzitik kanpo utzi dute, udalen osaketa egunean Laudion egon zela ezin dela frogatu argudiatuta. Fiskalak De la Torre ez beste aiaraldearrentzat zigor bera eskatu du. Alabaina, koakzio delituagatik 3 urteko espetxe zigorra 1,3 urtera jaitsi du, eta sei urtetako inabilitazioa berretsi. Instituzioen aurka egiteagatik, ordea, bost hilabete eta falta ezberdinak leporatu dizkie 18 auzipetuei. Lau egunetako deklarazioak aintzat hartuta, bi zigor posible aurkeztu dizkio fiskalak Ángela Murillo epaileari. Koakzio delitua eta inabilitazioa, edo instituzioa erasotzea eta zenbait falta aplikatzea.
Akusazio partikularrak, aldiz, 17 auzipetuei bost urteko kondena eskaera mantendu die: koakzioagatik urte batekoa eta autoritateak atentatzen saiatzeagatik lau urtekoa. Jon Ander Altuberi urte bateko espetxe zigorra mantendu diote, instituzioen aurka bakarrik jo duelakoan.
Fiskalaren aburuz, auzipetuen jarreragatik ez zen gauzatu udalaren osaketa Ohiko aretoan. Epaituek kartelak zeramatzatela onartzeak ekitaldi antolatu bat zela baieztatzen du, haren ustez. Jon Karla Menoiok zarata soilik entzun zuela zalantzan jarri du Fiskalak: "Ez du bideoa ikusi edo ez zen bertan egon"
Akusazioak egotzitako delituak zalantzan
Akusazio partikularrak terrorismo delitua egotzi nahi die auzipetuei, "ikertutako egoerak Herri Batasuna eta Batasuna alderdiekin lotura izan dezakeelako". Jone Goirizelaia defentsa abokatuak, baina, akusazioaren teoría gezurtatu du:" 2003ko sententziak Batasuna eta Laudio Aurrera plataforma legez kanporatzen ditu, baina ez du Segi erakundearen kasuan bezala terrorista izendatzen". Protestaren atzean erakunde terroristaren bat egoteko aukera ere baztertu du: "auzipetu gehienek bandoaren bidez jakin zuten deialdiaren berri. Pablo Gorostiagak ekitaldia deitu zuela onartu du, eta nik dakidala Gorostiaga ez da erakunde terrorista bat".
Instituzioaren aurkako delitua ere zalantzan jarri du defentsak. Izan ere, horretarako legeak udalbatza baten gai ordena etetea, bilerako sarrera eragoztea eta desordena eragitearen arrazoia talde terrorista bat babestea izan behar dela dio. Goirizelaiaren iritziz, froga gisa aurkeztutako bideoetan PPko ordezkariak udalbatzara sartu zirela ikusten da, "beraz, sarrera ezen eragotzi". Lekuko guztiek udalbatzarik ez zela egon deklaratu dutenez gai ordenik ez zutela eten azaldu du. Eta, "demokrazia Euskal herriarentzat" zein "putxerazorik ez" kartelek ez dutela erakunde terroristarik ordezkatzen zehaztu.
Autoritateen kontrako atentua leporatzea ez dela zilegi gaineratu du defentsak: "19/85 legeak zinegotzien kargua hauteskunde gauaren bezperararte dagoela indarrean dio. Udalaren osaketa baino lehenago gertatu zen dena, legearen arabera pertsona horiek oraindik ez ziren autoritate".
Mehatxu delituei dagokienean, salaketak baliagarriak izateko legeak ezartzen dituen baldintzak bete ez direlako akusazioa baliogabea dela aldarrikatu dute.
Epaiketan zehar erabilitako froga eta argudioengatik 19 auzipetuak absolbituko dituztela ziurtasunez esan du Goirizelaiak. Bestalde, epaitutako aiaraldearrek akusazio partikularraren tesia desmontatzeagatik harro daudela erantsi diote Ángela Murillo epaileari:"Inozenteak gara eta horregatik absoluzioa eta edonori oinarrizko eskubideak berriz ez urratzea espero dugu".