PPko lekukoek auzipetuek iraindu, mehatxatu eta jo zituztela diote

Ezker abertzalearen ilegalizazioaren harira Laudioko udalbatzan izandako gertaeren auziak aurrera darrai. Atzo kasuan auzipetuta dauden 19 aiaraldearretatik 15ek deklaratu dute. Gaur, gainontzeko auzipetuen eta lekukoen txanda izan da.

Ezker abertzalearen ilegalizazioaren harira Laudioko udalbatzan izandako gertaeren auziak aurrera darrai. Atzo kasuan auzipetuta dauden 19 aiaraldearretatik 15ek deklaratu dute. Gaur, gainontzeko auzipetuen eta lekukoen txanda izan da.

Santiago Abascal Conde izan da itaunketa erantzuten lehena. 1999tik 2007 bitarte Laudioko udaleko PPko zinegotzia izan da, eta Oier Amorrortuk "Pin pan pun" esateagatik heriotza mehatxua egin ziola berretsi du. Urtzi Goitiari udalbatzatik ateratzea oztopatu izana egotzi dio; "bere bizkarrarekin Urkijo eta ni bultzatu gintuen". Aitor Goikoetxea eta Oier Amorrortu, haren zain egon eta jo zutela adierazi du. Aitor de la Torrek gertaeren egunean Laudion ez zegoela esan du; familiarekin Kastron (Kantabria) zegoela asteburupasa. Santiago Abascal Condek baieztatu duenez, ez zuen de la Torre aretoan ikusi: "Nik ez nekien nor zen, Ertzaintzaren komisaldegian esan zidaten udalbatzako argazki batean agertzen zena Aitor zela". Leo Barañano defentsaren abokatuari aitortu dionez, egoera ikusita ertzaintzari jendea identifikatzeko agindu zion. Mikel Materi buruz etengabe oihuka eta jotzen egon zela kontatu du; eta telebistako kamara PPko ordezkarien aurrean jartzen saiatu zela.

Jon Karla Menoiori udalbatzako egoera kontrolatzeko Ertzaintza deitzea eskatu ziotela errepikatu dute PPko lekuko ezberdinek. Udaltzainek, udaletxeko atzealdeko atetik ateratzeko gomendatu zietela ere azaldu dute. "Delinkuenteak bezala alde egiteko ez gaude prest, ezta udalbatza klandestinitatean egiteko ere", argitu du Abascalek.

Karmelo Serrano, Iker Roiz, Beñat Mendiguren, Kepa Garrote eta Alfredo Remirezek kolpatu egin zutela berretsi du Monserrat Canivek: "Nork jo ninduen ez dakit, atzetik erasotu nindutelako. Ez nuen ostikoak ematen horietako inor ikusi, baina erasoetan parte hartu dutela bai". Karmelo Serrano 2003ko apirilean Laudioko PPren egoitzatik ateratzea eragotzi ziola-eta, erraz identifikatu zuela dio. Serranok, eraikina erasotzearen akusazioari Iraken aurkako kontzentrazio batean parte hartzea izan zela egin zuen delitu bakarra esanez erantzun zuen atzo. "Gainontzekoak argazkiak begiratuz atera nituen", erantsi du Canivek.

Esau Martinek protesta egiteko erabili zituzten bozinen boteak jaurti zizkiotela nabarmendu du, baina ezin dituela erasotzaileak identifikatu. Rosa Torres eta Carlos Urquijok bihar deklaratuko dute bideokonferentzia bidez. Mendiguren eta Remirezi Torres erasotzea leporatzen diote. Esau Martinek, ordea, ez zituela ez bata ez bestea Torresi ezer egiten ikusi onartu du.

Santiago Abascal Escuzak Angela Murillori aitortu dionez, semeak kargua hartzean laguntzeko bertaratu zen udalbatzara. Fiskalak norbait bultzatu zuen galdetzean bere burua defendatu behar izan zuela esan du; "ez dakit hori eraso bat den edo ez, inork ez nau horregatik salatu". Udalbatzako aretoan ez zuela inork kolpatu kontatu du. Horregatik, defentsak, ez baldin bazuen inork erasotu zergatik dioen epailearen aurrean bere bila joan zirela galdetu dio.

Auzipetuen kontrako frogak

2003ko udalbatzan RTVE eta Antena 3 telebistek grabatutako zintak aurkeztu dituzte froga bezala epaiketako bigarren saioan. Baita, Gabriel Mosquera PPko belaunaldi gazteen kide galiziarraren partea. Medikuaren informean esaten denez, sei hilabeteko tratamendu psikologikoa jaso zuen Mosquerak, "han bizitakoa ez zen normala izan". Dena dela, aurkeztutako parte eta tratamenduak gertaerarekin zerikusia duten edo ez ezin duela ziurtatu esan du.

Auzipetuen senideek kontatu dutenez Audientzia Nazionalaren atarian PPko jarraitzaileek iraindu egin dituzte. "Hiltzaileak deitu gaituzte, eta komisarioari ea nola den posible ETAkideak biktimak baino lehenago sartzea auzitegira oihukatu".

Bihar goizeko 10:00etan jarraituko du 19 aiaraldearren aurkako epaiketak. Rosa Torresen (PP), Carlos Urquijoren (PP), Pablo Gorostiagaren (Laudio Aurrerako alkate oiha), Jon Karla Menoioren (EAJko alkate oiha) eta bi udaltzainen lekukotza espero da. Ondoren, frogak aurkeztu eta ondorioen txanda izango da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide