Lagun bati entzuna diot, San Blasetako protagonista lehen ez zela txerria. Behin Uhinak irratian San Blas izena eltxoengandik zetorrela entzun zuela esan zidan. Izan ere, eltxoa hiltzerakoan entzuten den zarata da "sanblas!". Txiste txarrak albo batera utzita, urtarrilaren 28an San Blas eguna festa bilakatzeko prestaketak abian dira. Aurtengo protagonista Terentzio V txerria izango da, eta ohiturari jarraiki, pisua asmatzen duenak eramango du etxera.
Alabaina, animalia ez da izango egunean zehar ikusteko egongo den aukera bakarra. Izan ere, goizean zehar euskal oiloen erakustaldia, baserri-lanabes eta eskulangintzaren erakusketa eta salmenta, jolasak eta urritza makilen lehiaketa egongo dira. Baita txarripata lehiaketa ere. Txistulariak, trikitilariak... ez dute hutsik egingo; ezta harrijasotzaileek ere.
Bedeinkatutako soken salmentaz gain, beraz, izango da zeri heldua Laudioko San Blas egunean. Ikusi nahi? lotu oinetakoen sokak eta kalera!