Aitor Mendiluze (Andoain, 1975) bertsolaria Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Jon Maia, Unai Iturriaga, Sustrai Colina, Aitor Sarriegi eta Amets Arzallusekin batera aritu zen kantuan ostiralean Amurrion.
Amurrioko Bectekada saio berezia dela diozue askok. Zertan?
Giro berezia izaten dela uste dut, lekua ere goxoa, data bereziak... Ez dakit ziur zer den, baina oso saio erosoa zaigula uste dut. Lehenengoa finalaren ostean izateak ere beste ukitu bat eman zion, eta hori ez duela galdu esango nuke. Lehenengo hartan elkarrekin saio dexente izan genituen oso egun gutxitan, neke handia pilatu zitzaigun, eta Amurriko saioa ukendu moduko bat izan zen, lasai hartu eta jolas egiteko saio bat. Horrek ekarri zuen oso saio umoretsua izatea, atsegina entzuleentzat eta baita guretzat ere, eta konzienteki edo inkontzieneteki halakoa izaten jarraitzen duela esango nuke. Horregatik da saio berezia, predisposizio ezberdin batekin joaten garelako geu horretaz jabetu gabe ia.
Zer behar du bertsolari batek betetzeko?
Bertsolari bat erabat betetzea nahiko zaila izaten da, edo neure kasuan behintzat bai, ia beti daukazulako beste modu batera egingo zenukeen zerbait. Baina era berean jardunak berak konparaketarako zein sentsazioen analisirako baliabide gehiago eskaintzen dizkizu, eta saio batean asmatu duzula, jendeari zerbait eskaini diozun sentsazioa sentitzea izan liteke beteta sentitzeko baldintza. Zenbaitetan saioetatik etxera ezer egin gabe zoazela sentitzen duzu, ez duzula asmatu edo ez duzula aukerarik izan jendeari gogoan gordetzea mereziko lukeen ezer eskaintzeko. Horregatik saio batean zehar asmatzen ari zarela eta jendearengana iristen zarela sentitzea oso garrantzitsua izaten da bertsolarientzat.
Amurrioko saioak bete ala hustu egiten du bat?
Amurrioko saioa oso berezia dela esan dut lehen ere, eta alde batetik hori presio bat da, aurreko edizioetako sentsazioei eta mailari eutsi nahi diezulako. Baina beste alde batetik oso saio atsegina dela ere esan dut, guretzat informaltasun puntu bat eskain dezakeen saio bat edozein saiori zor zaion tentsio eta ardurari uko egin gabe, gure arteko giroan gehiago. Horrek tentsioak hustutzeko eta sentsazioez betetzeko aukera eskaintzen du, eta horregatik izan daiteke orokorrean Amurrioko saiotik nahiko positibo irtetzea.
Epailea bazina zelako puntuazioa emango zenioke aiaraldeko entzuleari?
Buff, galdera zaila. Oso esker oneko entzulea da, mimatzen gaituena eta noiz iristen gatzaizkion ondo adierazten dakiena bertsolarion animorako. Baina agian horixe da duen ederrena ere, ez dela epaile ez epaitu, naturalagoa dela dena. Beraz ez nioke puntuaziorik emango, eskerrak eta zorionak baizik.