Amurrioko udalak Bañueta kiroldegiko igerilekuari manta termikoa jarriko dio. Izan ere, kiroldegiak sortzen dituen gastuengatik kezkatuta azaldu dira. Gastuen zati handi bat energia kontsumoari lotuta dagoenez neurriak hartuko dituzte. Hala, igerilekuari manta termiko bat jarriko diote; gauero eremua estaliz berotasuna ez dezan gal. Era honetan herritarrek bainatzeko beharrezkoa den tenperatura lortzeko erabiltzen den energia aurreztuko da.
Pedro Ibarrola kirol zinegotziak azaldu duenez, Artziniega, Aiara eta Urduñako udaletxeekin elkartzeko asmoa du udalak, "bertako herritarrek Amurrion erroldatuta egon ez arren gure instalakuntzak erabiltzeko abantailak izateko akordioa lortzeko interesa erakutsi baitute".