Abenduaren 6a, Espainiar Konstituzioaren eguna jai egun arrotza dela salatzeko Herri eskolak antolatu zituen atzo ikasle mugimenduak. Aiaraldean Amurrio eta Laudio izan ziren horren lekuko, Zaraobe institutuan eta Udal Lanbide Heziketa eskolan 40 ikasle inguruk hartu baizuten parte.Euskal Herrian, aldiz, 50 ikastetxe baino gehiago ireki eta bete zituzten ikasleek.
Besteak beste, hitzaldiak eta bideoemanaldiak izan ziren nagusi. Eguerdian, ordea, Laudioko Lamuza plazan kontzentrazioa egin zuten eskualdeko gazteek. Baita ekitaldi eta agerraldia ere. Ikasle Abertzaleakeko kide diren Maite Kintanilla eta Maddi Isasik euskal egutegi propioaren alde egindako sinadura bilketa izan zuten hizpide: "Egutegiak kolore ezberdinez margotzen dizkigute Euskal Herrian barrena. Zapalketa egituratu baten konplize dira". Salatu zutenez, Frantziar zein Espainiar egutegiek agintzen dute bizi erritmoa, lan, klase edo jai egunak. "Naziotasun arrotzen baitan antolatzen diren egutegiek bi helburu dituzte: naziotasun sentimendu arrotzak errotzea eta gure herriaren ukazioan urratsak ematea", erantsi zuten.
Haatik, jai egun propioak ospatzeko Euskal Herriaren historia, nortasuna eta beharrak oinarri izango dituen egutegi propioa aldarrikatu zuten. "Hezigunez hezigune, egutegi propio baten aldeko aldarrikapena zabaldu eta Eskola Kontseiluetaraino eramaten ari gara, bertan gure egutegi propio baten gaineko erabakiak hartu ahal izateko", zehaztu zuen Kintanillak. Amurrion, esaterako, astero egun batez aritu dira sinadurak biltzen jolasorduan. "
Aurrera begira, lanean jarraitzeko asmoa berretsi dute ikasleek: "Txikitasunean garaipenak eginez hezigunez hezigune, herriz herri...guztion artean lortuko dugu! Egutegi propio baten alde, ikasleok iraultza!".