Andoni Etxezarraga (Laudio, 1961) Biok gizon taldeko kidea da. Gizonsarea elkarteak larunbatean aurkeztuko duen kanpainan parte hartzeko deia luzatu du.
Gizonsarea elkartea sortu duzue. Zer dela eta?
Gizonsarea Euskal Herriko gizon taldeen kordinazio gunea da. Bertan, herrialde ezberdinetan antolatuta gauden berdintasunaren aldeko taldeak biltzen gara. Gasteizen, esaterako, hiru edo lau talde daude. Aiaraldean, aldiz, Laudion bakarrik. Gure taldeari Biok izena jarri diogu eta bost gara momentuz.
Zeren sarean harrapatu nahi duzue jendartea?
Berdintasunaren aldekoarenera, gizonek ere badugu zer esana-eta.Berdintasuna denontzako da beharrezko eta ona, asko dugu irabazteko. Horren harira, bihar ekimen nazional bat egingo dugu Laudion, gizonok derrigor esan behar dugulako zerbait indarkeria matxistaren kontra. Asmoa, “Besarkadak” bideoa aurkeztea eta kontzentrazioa egitea da.
Zein zulo ditu gaur egungo gizarteak, zure ustez?
Asko. Lehena gizarte matxista batean bizi garela onartzea da. Berdintasun Legearekin aldaketa juridikoak eman direla ikusi dugu, baina lege hori aurrera eramateko ez dago gizartea aldatu eta kutsatzeko behar adina borondate politiko.Gizartea aldatzeko ezinbestekoa da gizonen aldaketa pertsonala eta konpromisoa berdintasunarekiko.
Nori dagokio hori egitea?
Matxismoaren kontrako borroka arlo guztietan enfokatzen da: hezkuntza, familian politikan… Gizonok parte hartzen ez badugu ez dago aurrera egiterik, patriarkalak izaten ikasi eta etxean zein kalean irakasten dugulako. Generoa eraikuntza soziala da.
Instituzioak gauzak egiten hasi dira, aurrerapausu nahiko handiak eman dira lege aldetik baina hori egunero bultzatzea herritarrei dagokigu. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, Gizonduz sortu zuen, Emakunderen barruan gizonak berdintasunaren alde bultzatzeko. Bertan ikastaroak, formakuntzak… eskaintzen dituzte. Espainia mailan, ez dago zerbitzu hori.
Genero indarkeriaren aurka gero eta jende gehiago dago. Tratu txarrak jasaten ere bai.
Genero indarkeria ez dira tratu txarrak bakarrik, biolentzia psikologikoa eta maila baxuko indarkeria ere existitzen da. Lan munduan, bikote harremanetan eta irakaskuntzan ikusten da hori. Eskoletako nesken %4ak mutilen aldetik irain edo burlak jasan dituela aitortu du. Emakumea objektu sexuala dela, edo zurea.
Gero eta jende gehiago dago indarkeria matxistaren kontra, baina kasuak ez dira gutxitzen. Aurten 60 emakume hil dira, baina arazoa agerian uzteak konponbidea bilatzen laguntzen du. Horregatik uste dugu oso garrantzitsua dela gizonok zerbait esan eta egitea. Kontzientzia eta jokabide aldaketak soilik ekarriko du konponbidea. Ideologia hori aldatzen ez badugu ez da desagertuko indarkeria matxista.
Zer esango zenioke emakumeari oihuka ibiltzen den gizonari?
Ez dakit zerbait esateko gai izango ote nintekeen baina argi dut ez nukeela beste alde batera begiratuz ezikusiarena egingo. Hain zuzen ere, hori da gizonen akatsa; gurekin ez datorren arazo bat dela pentsatzea; gure arazoa ere bada.
Eta irainak entzuten dituen emakumeari?
Ez onartzeko halako erasorik edozein kasutan. Bikotea baldin bada hori ez da maitasuna, eta laguna baldin bada hori ez da laguntasuna. Ezetz esan behar duzu.
Emakumeen erasoen aurrean gizartea gorra al da?
Neurri handi batean bai. Lege eta aurrerapausu sinbolikoak ematen ari dira, baina egunerokotasunean oso hedatua dago oraindik genero indarkeria. Gauzak egiten direnez gizartea ez da gorra, baina begibistakoa da ez dela nahikoa gizonok egiten dugun lana, kasuak ez direlako gutxitzen. Beraz, egiten duguna baino gehiago egin behar dugu.
Indarkeriaren aurrean zein indar bildu beharko genuke?
Politikoa eta pertsonala. Dena dela politikakoa baino indar gehiago behar da. Kulturalki, pertsonalki… gure burua aldatzen ez badugu ez dugu ezer konponduko.