Mertxe Ibarrolak (Menoio, 1979) 17 urte zituenetik du ogibide artzaintza. Emakume zein gizonezkoei artzain izateak berdina suposatzen diela dio. Eta, plan askori uko egin behar izan dion bezala, gauza asko jaso dituela.
Nolatan erabaki zenuen artzain izatea?
Etxean beti izan ditugu ardiak. Gustatzea da ofizio honen gakoa. Bokazioa behar da, bestela miseriak jaten zaitu. Ordu asko dira, oso lan sakrifikatua da. Ni hasi nintzenean ez zegoen galtzeko arriskuaren booma. Artzain izatea txarto ikusia zegoen, orain ezagutzera ematen ari denez ez. Lehen mespretxuz begiratzen gintuztenzelan doakigun galdetzera hurbiltzen zaigu bat baino gehiago.
Hain lan sakrifikatua bada zergatik merezi du?
Neguan, kortaren ertzetan jaten ematen diegu ardiei, eta ohe gisa lastoa jarri. Abere nagusiak kortaren alde bietan daudela arkumeek aurrera eta atzera egiten dituzten lasterketak ikusteak asetu egiten nauelako, adibidez.
Nolakoa da artzain baten eguna?
Eguna baino urtaroa da garrantzitsua guretzat, neguan ardiek umeak izaten dituztelako. Ni zazpiretan altxatzen naiz, eta gaueko hamabietan oheratu. Erditze garaian, baina, gauean zehar ere jaikitzen gara, ardiak laguntzera. Jaten eman, jetzi... lana ez da mendikoa bakarrik. Udaberrian eta udan arkumerik izan ez dituzten animaliak Gorobelera igotzen ditu aitak. Etxean, haurdun daudenak zaintzen ditugu ahizpak eta nik: esnea atera, hemen inguruko zelaietara eraman… Amak gazta egin eta azokan saltzeko.
Emakume batentzat zer suposatzen du halako bizimoduak?
Gizonezkoei suposatzen dien berdina. Lasaiagoak diren garaiak daude, baina ez dago oporrik, beti dago azokaren bat edo ardiekin egiteko zerbait. Familiaren babesak asko eragiten du lan honetan. Artzainak diren neska gutxi ezagutzen ditut, baina eskualdean badira lau, eta Araban beste bi gutxienez ezagutzen ditut. Maider Unda, esaterako, olinpiar jokoetan aritu da borroka lehian, eta artzaina da. Hala ere, gauza askori uko egin behar zaio: lagunekin ateratzeari, asteburupasa joateari…
Zeintzuk dira artzaintzak garaitu beharreko borrokak?
Hiru arazo nagusi ditugu: otsoa eta errentagarritasun zein errelebo eza. Ardiak mendira eramateak otsoak jatearen arriskua guregain hartzea suposatzen du, edo erasoaren beldurra izateagatik animaliaren abortoa.
Ardiak mendira eramateko pertsona bat behar da behintzat. Pertsona horren bizi kalitatea asko jaisten da, mendian urte erdia baino gehiago igaro behar baitu. Aitak 62 urte ditu, eta jubilatzen denean ezingo gara Gorobelera igo, beheko lan guztia egin eta gora igotzea ezinezkoa delako.
Ardiak mendira ez igotzeak, ordea, gastuen igoera dakar; hemen ez dagoelako ardi guztientzako adina belar. Orduan, kortara sartu beharko genituzke eta elikatu daitezen pentsua zein belarra erosi. Berez, lanbide hau errentagarritasun aldetik oso eskasa bada… Gorobelera igoko ez bagina ez litzateke bideragarria izango. Duela gutxi egin zuten azterketan ardiak mendira ez eramateak %30eko gastu igoera suposatzen duela atera zen.
Aiaraldeko artzainek, bataz beste, 50 urte dituzte. Adina aurrera egiteko oztopo al da?
Adinak eragina du, lanbide guztietan bezala. Nagusitu egiten zarenean geroz eta nekatuago zaude, baina lan honek jakinduriaz betetzen zaitu. Beraz, ez da kasu honetan txarra.
Krisi ekonomikoak eraginik izan al du lanbidean?
Uste dut zerealaren prezioa %30 inguru igo dutela. Hortaz, ardien mantentze gastua ere gora doa; eta diru sarrerak behera. Izan ere, krisiarekin arkumeak eta bigantxak merkatuan gutxiago balio dute.
Artzain izan nahi duenari zer esango zenioke?
Bokazioa badu aurrera egin dezala, baina oso lan sakrifikatua dela kontuan hartuz. Etxean ardirik ez badu artzain batekin urte bateko froga egin dezala gomendatuko nioke, ez delako berdina lau egun ardiekin pasatzea edo urte osoa haiekin ematea. Jendeari, aldiz, lan hau gehiago baloratzea eskatuko nioke. Artzaiei, ordea, ardi Latxaren alde egitea. Izan ere, etekin gehiago ateratzen dituztelako askok kanpoko arrazak ekartzen dituztenez desagertzeko arriskuan dago.