Begoñe Olabarria Astobiza (Orozko, 1979) Zerdiño aldizkariko kidea da. Aurten, hamabost urte bete ditu herri aldizkariak.
Hamabost urte bete dituzue, zelan urteurrena?
Hara, ba horretantxe ez gara patxadaz inoz hasi. Esan gura dot, inoz ez dogu urteurrenik ospatu behar den moduan. Aurtengoa bere ospakizun aparteko barik joango da! Atzenengo urteetan bertso afari bat egiten dogu azaro aldean Zer diñoren urte bakotxaren ospakizuntzat, eta aurten bere badaukagu: Unai Iturriaga eta Jon Maia eukiko doguz azaroaren 18an. Osterantzean, aldizkaria bera ateratzea hartu beharko da ospakizuntzat.
Urteak betetzeak ez dizue proiektua hiltzeko beldurrik ematen?
Nahikoa modu prekarioan funtzionatu dogu beti, baina hamabost urtera heldu gara horrela! Proiektuak segidarik ez eukiteko arriskua beti dago, baina batzuren eta besteen ahaleginari esker iraun dogu eta aurrerantzean esperantza horretan gagoz; inoiz ez da jakiten. Urtean lau ale ateratzea da gure ohiko erritmoa eta ha ta guzti be,ere kostatu egiten da, ahalegin handia eskatzen dau eta. Sei-zazpi lagun gara testuak idazten, baina danok daukagu geure bizimodua eta bitarte batzuk bakarrik geratzen dira Zer diñorentzat. Inor ez da modu profesionalean dedikatzen aldizkariko zereginetara. Beste alde batetik, herriko buzoi guztietara helduten da aldizkaria, banaketa beharra bere borondatezko talde baten ahalegina da.
Denbora honetan guztian zertan aldatu da Zer diño?
Itxuran aldatuta dago atzenengo urteetan. Hainbat urte formato antzekoagaz egin eta gero diseinua berritu gendun goitik behera. Argazkilaritza bere, azalean eta alkarrizketa nagosian, profesional batek egiten dausku, Gaizka Bilbaok. Horrek guztiak alderdi bisuala asko hobetu du.
Gaien tratamentuaren aldetik antzerakoa da hasieran eta orain: Alkarrizketa nagosi bat dago, eta pertsonaia alkarrizketatua beti doa azalean. Hau da, azala pertsona bati emotea erabaki gendun hasikeran eta horrek sano ondo funtzionatzen dauela konturatu ginen gerora. Ez dogu hori kanbiau hamabost urteetan. Gero, bigarren elkarrizketa bat bere euki duou askotan, Lehenagoko kontuik uzenekoa. Pertsona zahar bat alkarrizketatu dogu horrelakoetan eta bere bizitzako pasadizoak kontatzea izan da gure helburua. Beste batzuetan erreportajea ateratzen dogu: herriko ogiginak direla, txorizoginak direla edo pastoreak direla, hainbat bizibideren ingurukoak izan dira erreportajearen gaiak. Gainetikoan, edozein eratako albisteak agertzen dira Zer diñoren orrietan: kirola asko, kulturako hainbat albiste eta herrigintzako edozein gairi dagozkion barriak. Komikia bere zenbaki gehienetan agertu da hasieratik; Floren Usiak dauka horren erru zorionekoa.
Berbaz kultura elkartearen fruitua da aldizkaria. Zeren hazi izan nahi du?
Aurrez ez genuen asmo zehatzik finkatu, baina urteen joanean konturatu gara horrelako publikazino bat oinarri handia dala euskararen sinesgarritasunean. Herrian iminten diren kartel gehien-gehienak euskaraz agertzen dira orain. Uste dogu horretan Zer diñok badaukala zerekusia. Ganera, askotan entzun doguz jendearen eskerroneko berbak. Hainbat herritar konturatzen da egiten dogunak balioa daukala eta halantxe esaten dauskue.
Nola ikustea gustatuko litzaizuke Zer diño hamabost urte barru?
Jende barriaren eskuetan! Horretan ahalegin bat egin behar dogulakoan gagoz, aldizkariak haize fresko apur bat hartuko luke holan. Badagoz gazteak apurka-apurka zeresana euki beharko luketenak Zer diñon.