GILLE ARBIDE (Arrankudiaga 1995) Laudioko Ikasle Abertzaleakeko kidea da. Euskal Herriko egutegi propioaren alde, sinadura bilketan ari da parte hartzen.
Sinadura bilketa egiteari ekin diozue. Zer dela eta?
Bi sinadura bilketa ezberdin planteatzen ditugu ikasle abertzaleok. Bata, jai egun arrotzen aurkako sinadura bilketa da, egutegi propioaren aldekoa. Bestea, Udal Lanbide Heziketa Eskola sare publikoan sartzeko martxan jarri duguna.
Zertarako edo zergatik aldarrikatzen duzue egutegi propioa?
Gaur egun daukagun egutegia ez da gure egutegia. Gure benetako jaiak euskararen eguna edo ikasleen nazioarteko eguna bezalakoak dira. Estatu espainolak planteatzen dituen jai egunak inposaketa dira guretzat. Urriak 12 "Hispanitatearen eguna", urriak 25 "Autonomia estatutuarena", abenduak 6 "Espainiar konstituzioarena"... Gu ez gara espainiarrak eta ez dugu egun horietan ospatzeko ezer. Horren aurrean, herri eskolak edo egun normal bat balitz bezala klasera joatea planteatzen dugu. Horregatik, Euskal Herri mailako sinadura bilketaren bidez ikastetxe guztietako Eskola Kontseiluetara eramango dira atxikimenduak, planteamenduak indar eta babes handiagoa duela erakusteko.
Zeintzuk dira euskal egutegi propioa lortzeko eman beharreko urratsak?
Ikastetxeetan sinadurak batzea, baina ikastetxeetako ikasle, langile edo gurasoek bakarrik sinatu ditzakete. Eskola Kontseiluetan erabakitzen da ikastetxeko egutegia, beraz, eztabaida hori leku guztietan ematea nahi dugu. Hurrengo pausua Eusko Jaurlaritzari proposamena eramatea da, ikastetxeetako kontseiluetan hartzen den erabakiarekin.
Udal Lanbide Heziketa Eskola sare publikoan sartzeko ere lanean ari zarete...
Eskola sare publikoan sartzea udalak ikastetxeak dituen gastuak aurrera eramateko zailtasunak dituelako planteatzen da. Ikasleen eskubideak galarazten dituzte; ez dugu euskaraz ikasteko aukerarik. Eraikina elbarrituentzako egokituta ez dagoenez -ez dago igogailu ez eskailera mekanikorik- hauei ere ikasteko eskubidea ukatzen zaie. Sinadura bilketa hau eskualde mailan egingo dugu, aiaraldekoak direlako batez ere horko ikasleak. Gure asmoa, sinadura horiek Laudioko udaletxera eramatea da, herritarren erabakia izanik Eusko Jaurlaritzaren aurrean presioa egiteko erabili ditzaten.
Udalarekin bildu zarete?
Bai, udaletxetik politiko guztien babesa jaso dugu: EAJ, PP, Bildu, PSE... Sindikatuekin ere hitz egin dugu eta ELA eta LABek lanketarekin bat egiten dutela esan digute. Oraindik ez da ziurra baina litekeena da mobilizazioak denok elkarrekin egitea; sindikatuek, gurasoek, ikasleek...
Aurrera begira ze asmo duzue?
Udal Lanbide Heziketa Eskola sare publikoan sartzea da gure erronka nagusia. Hortik aparte egutegi propioaren eztabaida sortzeko lanean arituko gara.