Laudioko alderdi jeltzaleak oztopoak jartzea eta opakotasuna egotzi dio Bilduri. EAJren arabera, ez da zilegia Udal Gobernuko Batzordearen osaketa, PSE-EE eta PP alderdiek ez dutelako ordezkaririk. Lan-taldea Bilduko hiru kidek (alkateak kalitatezko botoa du) EAJko bik eta Omniako batek osatzen dute. "Bilduri legalki ez dagokion gehiengo bat eskaintzen badiogu bi talde politikoren kontrol politikarako erremintak mugatzen ditugu", azaldu dute.
EAJkoen iritziz, Bilduk egindako adierazpenetan alderdiak gobernu ekintzari oztopoak jartzen zaizkiola esatea ez da egia: "Bilduri EAJk errefusatutako proiektu bakar bat aipa dezala eskatzen diogu. Egun arte, 24 Gobernu Batzorde izan ditugu gutxi gora behera, eta bertan landutako guztia onartu du EAJk".
Ildo beretik, onartu ez duten proposamen bakarra alkatearen aholkulariarena izan dela argitu dute: "Gure apustua profil tekniko-profesionala duen eta partidista ez den langile bat izan dadila da. Aurreko legealdian, EAJk Hiritar Segurtasun Nagusirako pertsona bat aukeratu zuen. Pertsona hura ertzaina zen, eta, horrenbestez, postua bete ahal izateko profil profesional eztabaidaezin bat zuen; horrexegatik gainera Osoko Bilkurak berehala lanean has zedila onartu zuen. Hori dela eta, Laudiok profil partidista bakarrik duen aholkulari bat behar ez duela berresten dugu".
Elkarlanerako deia
Horregatik, politika egiteko deia luzatu diote Bilduri; landutako eta adostutako proiektuak aurkez ditzala adostasun politikoa lortzeko. "Alkateak eta bere Gobernu Taldeak ez digute ezer jakinarazten, burututako ekintzen politikan oinarritutako informazioa pasatu bakarrik, gerora begira. Hori opakotasuna da", salatu dute.
Hori dela eta, laudioarrek erabakitzearen alde agertu da EAJ: "Berdin dio erabakiok nork hartzen dituen... baina momentu honetan Bilduren taldea ez da erabakiak hartzen ari. Eztabaidak albo batera utzita proiektu zehatzak ekar ditzagun harira. Hurrengo jarduera ildo hauek aintzat hartzen dituen lankidetza opa diogu gobernu taldeari, Udalak pairatzen duen geldialdiarekin bukatze aldera: aurrekontu orekatuak, Plan Nagusiaren berraztertzea, Lamuza parkea, Hornidura plaza, Goikoplazako etxebizitzak, Ugarteko biribilgunea, lana eta hezkuntza".