Orozkoko Bilduk mespretxutik manipulaziorako bidegabekeriatzat definitu du Adiek ateratako prentsa oharra. Akordio eta esklusio eza dela Orozko kudeatzeko era egokiena nabarmendu dute. Prentsa ohar batean azken asteetako gertakariak aztertu dituzte: "Ekainaren 26an hiru udal taldeak batu eta udalaren konfigurazioaren inguruko akordio batzuk lortu ziren. Adostu gabe geratu zen puntu bakarra alkatearen zorioneko liberazioa izan zen, Adiek negoziaezina zela esan zuelako". Bildukoen esanetan, Alkateak hurrengo egunean batzarra baliogabetu zuen, "amore emon daurien bakarrak eurak direlako". Azaldu dutenez, Blokeoaren aurrean Bilduk Adieri eta EAJri proposamen bana helarazi zien, "egoera berbideratzeko". "Planteamendua Zubiaurreko kaleetan eta www.bilduorozko.com web orriko Bildugune 3 dokumentuan eskegi zen".

Adieren erantzuna, alde biko hitzarmena osatzeko proposamena izan zen, Bildukoen aburuz: "Alkateak sinatutako agiri bidez batzar baterako deia egin ziguten. Bi bilera egin genituen. Aurrenekoan gure irtenbidearekiko jarreraz galdetu genien; ez zutela aintzat hartzen esan ziguten. Gurekin hitzarmena egin nahi zutela EAJ baztertuta gaineratu zuten". Bildukoen ustez, Adieren proposamena EAJri hainbeste kritikatu diogun jokabidea berriz ekitea baino ez litzateke. Haatik, Adieren planteamenduak ez lukeela Orozkoko enfrentamendu giroa gainditzen lagunduko nabarmendu dute.

Gogorarazi dutenez, Adierekin eginiko bileran alkatearen liberazioaren ingurko jarreraz galdetu zien talde independienteak: "Gure proposamena onartzen ez bazuten proposamen horren aurreko jarrera eutsiko geniola erantzun genien. Adiek garbi jakin zuen gure jarreran berri". Hori dela eta, harriduraz hartu dute uztailaren 28an herritar plataformak argitaratutako oharra: "Antza, Bilduren proposamenetik lheen puntua desagertu da, hau da, ekainaren 26an hiru udal taldeen artean hartutako ebatziak errespetatzea".

Noraeza nagusi

"Lelo erabilgarritzat nahi gaituzte; EAJk paktua nahi du gurekin eta Adie baztertu. Adiek, paktua nahi du gurekin, eta EAJ baztertu. Kultura politika berdina konpartitzen dute eta hemen ez dago aldaketarik. Arranguran eta mendekuan dabiz eta honela ez goaz inora. Orozkon gizarte haustura sorrarazten ari dira eta gu ez gara sartuko dinamika horretan", adierazi dute.

Uztailaren 28tik "mespretxutik manipulaziora" Bilduren kontrako eraso kanpaina bati ekin diotela pentsatzen dute zinegotziek; "manipulazio bidegabe hau Orozkoko Bildu zigortzeko asmo hutsez egin da. Hau ez da behar genuen aldaketa. Orozkok aldaketa behar du eta Adiek erakutsitako formak ez doaz ildo horretatik. Udalean akordioaren, partadietza demokratikoaren ta banaketa proportzionalaren alde egingo dugu, Ezker Abertzalekook urteetan eskatu dugun bezala".