Lateorroko jai batzordeak egitarau oparoa prestatu du asteburu honetarako. Ostiraletik igandea bitarte, aisialdirako ekintza ugari prestatu dituzte. Bihar hasiko dira festak, 19:00etan jaurtiko duten txupinarekin. Ondoren, Kun-kun batukada eta Galtzagorri buruhaundiek Pagolar kalean kokatuko den txosnagunea girotuko dute. 20:30ean Jakin eta Jolas taldeak haurrentzako antzerkia eskainiko du. Gauean, aldiz, Euskadi Gazteako Oihan Vega dj-a ariko da musika jartzen.
Orozkoko Santa Marina ermita helmuga izango duen mendi martxarekin abiatuko da jaietako bigarren eguna. Antolatzaileak zehaztu dutenez, hirugarrenez egingo dute i08:00etan txosnagunetik aterako den ibilaldia. 10:00etan umeentzako tailer eta puzgarriak egongo dira Kamaraka kalean. Ostean, igel txapelketa eta aizkolariak arituko dira. 14:30ean, herritarren topaleku bilakatu nahi duten herri bazkaria egongo da. 16:00etan, ordea, mus txapelketa. Gaua, eskualdeko Izargi erromeriak girotuko du.
Igandean, XXII. Marmitako txapelketa antolatu dute. Eguerdian, Itxarkundia dantza taldearen dantza emanaldia egongo da. Jaiei amaiera eman aurretik, nola bike-gymkana hala txokolatada egongo dira auzoan zehar.
Animalien erakustaldiak
Aurreko edizioetan ez bezala, animaliek garrantzia handia izango dute aurtengo Lateorroko jaietan. Izan ere, etzi 19:00etan arranoen erakusketa egongo da Goikogane kalean. 20:00etan, ordea, zaldi probek hartuko diote lekukoa Kamaraka kalean arrano erakustaldiari.