Orozkoarren gehiengoa Jesurin eraiki nahi duten parke eolikoaren kontra azaldu da. ADIE talde independienteak atzo burutu zuen herritarren iritzia jasotzeko herri kontsulta. Nabarmendu dutenez, 1900 herritarretik 513 hurbildu dira bozka ematera, %27. Horietatik 433, %84,9, Jesurin parke eolikoa eraikitzearen kontra agertu dira. 73, %14, aldiz, alde. "Bozka txuriak 4 izan dira, eta baliogabeak 3", gaineratu dute. Hori dela eta, Adiek Jesuriko parke eolikoa geratzeko bere esku dagoen guztia egingo duela esan du.
Bi martxa
Jesuri eta Ganekogorta Bizirik plataformak bi martxa antolatu ditu datozen asteburuetarako. Igandean, egitasmoa salatzeko Ganekogorta mendira igoko dira. "Ganekogorta zainduz eolikorik ez!" lemapean, Laudioko Ugarteko plazatik 09:00etan ateratzeko deialdia zabaldu dute, 11:00etan tontorrean egoteko. Uztailaren 2an, berriz, Jesurira mugituko da mendi martxa: "Orozkoko eta Laudioko herriko plazetatik 09:00etan hasita 11:00etan tontorrean elkartuko gara".