Meatza eta Sagarminaga auzoan basurde mantsoak dauden eremuan txakurrak trebatzeagatik Agustin Zaballa salatu dute bizilagunek. Orozkoko Udalak otsailean baztertu zuen aipatutako ekintza baimentzen zuen lizentzia lurraren ezaugarriak ekimenarekin bateragarriak ez direla iritzita. Bizilagunen arabera 2008an ekin zion Zaballak legearen urraketa gauzatzeari, "udalaren lizentzia tramitatzen zegoenean". "Nahiz eta jarduera baimenduta ez egon bi hektarea erabiltzen ditu Zaballak, aguazilak eta ertzainek konprobatuta dute", gaineratu dute.
Zarata eta usainaz kexu
Bizilagunak kezkatuta agertu dira: "2009ko udaberrian hiru ladiz erasotu zituzten hemen inguruko animaliak, ganadu asko hil egin zen"."Txakurren trebatze gunea martxan jarri zutenetik zaratak, heziketa txapelketak eta usain txarra jasan ditugu gure etxeen parean", diote. Gauetan deskantsatzeko isiltasun ezak Meatza eta Sagarminaga auzoetako herritarren bizi kalitatea nabarmen jaitsi du, adierazi dutenez. 1961eko legearen arabera, jarduera gogaikarria, osasungaitza, kaltegarria eta arriskutsua da. Haatik, Euskal Herriko Nekazarien Elkartearen laguntzaz egoerari buelta emateko arazoa auzitara eramatea erabaki dute. "2008tik udalari esku-hartzeko eskatu diogu, lege hau errespetatzen ez zuela eta arartekoarengana jotzea erabaki genuen arte". 2010eko irailean jaso zuten Arartekoaren babesa.
Arartekoa, bizilagunen alde
Arartekoaren iritziz, udalak lizentzia gabeko jarduerak ez gauzatzeko esku hartu beharko luke: "3/1998 arauari jarraiki ingurumena errespetatu beharko luke, eta 2/2006 legearen arabera lur eta hirigintzako legezkotasuna berrezarri". Bizilagunen aburuz, Bizkaiko Diputazioaren nekazaritza sailak dio animalien trebatze eta salmenta guneak instituzioak erregulatu behar dituela. "Orozkoko udalak tramitazio legalak egin baditu ere, ez dabil neurririk hartzen haiek egindako erresoluzioa betetzeko. Agustin Zaballaren asmoa onartzen ari da bizilagunen babes eta segurtasuna bermatu ordez", salatu dute.