Duela bi urte sortu zuten Aldaiko irristaketa taldea. Etzi, II. Irristaldia antolatu dute Laudiotik zehar.
Aldaiko Irristaketa kultur taldea sortu zenuten duela bi urte, nolatan?
Garai hartan geure herrian patinaje-klaseak hasi ziren ematen. Taldetxo bat osatu genuen eta denok helburu bera genuen: klaseetan ikasten genuena praktikatzeko beharra izaki, herrian patinajea bultzatzeko zerbait egin behar zela somatzen genuen. Hori zela eta, elkartea sortzea erabaki genuen. Ez dira asko izan orain arte antolatu ditugun ekintzak, baina astiro bada ere, gero eta gazua gehiago ari gara burutzen: irteerak, bazkariak, beste herrietako elkarteekiko harremanak, geure rutatxoa...
Irristaketa eguna antolatu duzue bigarrenez, zer prestatu duzue?
Aurtengo edizioan zenbait berrikuntza badago ere, egunaren egitura antzekoa da. Hasteko ibilbidea bera aldatu egin dugu. Iazko ibilbideak bazuen tartetxo bat nahiko arriskutsua zena eta,segurtasuna geuretzat oinarrizko kontua denez, ibilbidetik kentzea erabaki dugu. Leziagako tartetxoaz ari naiz. Aldapa labur bezian gaiztoa dugu Leziagakoa. Pendiza handikoa da eta haibat eroriko egon dira bertan. Geure helburua ahalik eta jende gehiagok parte hartzea denez, ibilbidea erraztu behar dugula uste dugu. Iaz bezala, ordea, ume eta nagusientzako ibilbide bi prestatu ditugu. Denok batera abiatuko gara eta lehenengo 4 kilometroak, umeen ibilbideari dagozkionak, elkarrekin egingo ditugu Zizki-Mizki arte. Bertan, hamaiketakoa egingo dugu eta umeak parkean jolasten geratuko dira. Helduok beste kilometro batzuk izango ditutgu oraindik ere aurretik. Izan ere, 12 bat kilometro burutu beharko ditugu. Ruta amaitzean, “Patinaje extremo” delakoaren erakustaldi eta ikastarotxo bat egongo da, sari banaketa eta patin-poteoan arituko gara bazkaltzera joan aurretik. Plan ederra, beraz.
Jendearen aldetik, zelako harrera jaso duzue orain arte?
Iazko ruta oso arrkastatsua izan zen. Espero baino jende gehiagok hartu zuen parte. Geure herrian egunez egunekoan aurkitzen dugun erantzuna, baina, ez da horren ona izaten. Jendea ez dago oraindik ohituta patinatzaile bat kalean ikusten eta, nola daukagun bidegorria oso gutxi erabiltzen den, ez dute normalean errespetatzen. Behin baino gehiagotan entzun behar izan ditugu komentario itsusiak, espaloia barik, bidegorria erabiltzen duten oinezkoen aldetik. Nire ustez ohitura falta besterik ez da, denborarekin denon artean gaindituko dugun arazotxoa. Halaxe espero dut behintzat.
Irristatzaile batek zer botatzen du faltan Laudion?
Bidegorri egoki eta luzeagoak, inolako zalantzarik gabe. Bai eta, asfalto hobea duten kaleak ere. Zenbaitetan errepidea erabiltzera behartuta ikusten duzu zure burua eta, egia esateko, errepide askoren egoera ez da batere egokia: asfalto eskasa, harri solte gehiegi, zulo handiegiak... Aretatik Laudiora doan errepidea, esate baterako, egoera tamalgarrian dago. Ondo ezagutzen dugu tarte hori, izan ere bai geure rutan, bai autorik gabeko egunean, txirrindularitza elkartekoekin batera ospatzen dugun jaitxoan, erabiltzen baitugu. Beste hainbeste esan daiteke Gardea aldean dagoen bidegorri zein errepidetxoaz, benetan txarto daude biak. Konponketatxo horiek egitea ondo legoke, batetik, eta, bestetik, bidegorrien erabilpen egokiaz informatzen duen kanpainatxo bat ere egin beharko litzatekeela uste dut.
Zer esango zenioke lurrera erortzeko beldurragatik patinak jartzen ez dituenari?
Beldur hori ezjakintasunak sortua dela. Elkarteak institutuaren erabilera sustatu nahi du patinatzen animatu nahi duen jendeak gune bat izan dezan. Gainera, elkartekideren bat egongo da beti hantxe. Asmoa asteazkenetan egitea da. Gure ideia zera da: hasiberria den jendeari aholkuak zein segurtasun-neurrien berri ematea. Geure ustetan babesak ezinbestekoak dira patinatzeko eta, are gehiago, ikasi behar den lehenengo gauza erortzen jakitea da. Erortzen baldin eta badakizu ez duzu minik hartuko eta, jakina, mina hartzen ez baduzu, beldurrik ez. Pazientzia apur bat behar da hasieran, oso zaila dela iruditzen zaizulako, baina... txikitan bizikletan ibiltzea ez zitzaigun ezinezkoa iruditzen akaso? Ba... hauxe antzeko zerbait da, behin oinarrizkoa ikasita, praktikaren poderioz, aurrera egiten da nahiko azkar.