Jesuri eta Ganekogorta Bizirik plataforma sortu duzue. Zer dela eta?
Jesuri eta Ganeko Bizirik! plataformaren sorrera hobeto ulertzeko, azkeneko urtetan proiektu eolikoen inguruan kokapen labur bat egin beharko genuke.
Orain dela hiru urte Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialaren barruan eta kanpoan zeuden hainbat zentral eolikoen proiektuak aurrera eramaten saiatu ziren hainbat enpresek eta Industria sailak. Honen inguruan zalaparta eta eztabaida handia sortu zen, proiektu hauen kontrako hainbat plataforma sortu eta mobilizazioak egin ziren. Orduantxe izan zen Laudioko hainbat jende honen inguruan informatzen eta mugitzen hasi ginenean.
2009ko Ekainean EAE-ko Parlamentuak aho batez plan eolikoa paralizatzea eta plan berri bat egitea onartu zuen. Ordutik hona proiektu guzti hauek plan berria egin arte atzera bota edo behintzat paralizatu egin zirela uste genuen. Baina urte honen hasieran hainbat erakundek egindako Hitzarmen Eolikoaren ostean, hauetako proiektu asko (horien artean Jesuri eta Ganekogortakoa) bultzatzen hasi ziren berriro ere. Orduan, ustezko etenaldi horretaz baliatuz, lanak aurreratzen aritu zirela ohartu ginen. Hau ikustean, aurretik Laudion eta eskualdean elkar ezagutzen ginen zenbait jendek gaia berriro serio hartzeko plataforma bat sortzea erabaki genuen.
Horrela, duela hiru hilabete bi proiektu horiek suposatuko luketen jasanezinezko suntsiketari aurre egiteko “JESURI ETA GANEKO BIZIRIK!” izeneko talde zabal bat sortu genuen.
Aiaraldean egingo dituzten bi parke eolikoek zein ondorio ekarriko dituzte?
Esan beharra dago, Ganekogorta eta Jesuri ez direla aiaraldean proiektatu diren zentral eoliko bakarrak, hor daude oraindik Zanpazu eta Kolometako proiektuak.
Asko eta asko dira mendi gune hauetan jarri nahi diren parke eolikoek eragingo dituzten inpaktu eta ondorioak kaltegarriak. Ingurumen eta ekologi ikuspegitik proiektu hauek erokeri bat dira. Pentsatu beharra dago, horrelako industria gunea mendi tontor batera igotzeko eta bertan jartzeko zelako ekintza eta azpiegiturak egin behar diren: lur mugimendu ikaragarriak, kilometroetako pista, interkonexio eta goi tentsioko lineak, zementatutako gune handiak… Honek guztiak, balio naturalistiko eta ekologiko handia duten bi mendi inguruneetan, paisaiaren suntsiketa, fauna eta floran kalte atzeraezinak, erreka eta akuiferoetan eragin negatiboa, lurraren higadura eta beste hainbeste inpaktu eta suntsiketa eragingo ditu. Hau guztia gutxi ez balitz, behin funtzionamenduan jartzean, ehundaka hegaztiek eta saguzarren heriotza eta hain migrazioen ostopatzea, zarata eta dardarek eragindako kutsadura, hainbat jardueretan debekuak eta kalteak… eragingo ditu.
Bestalde, azpimarratzekoa da ere proiektu hauek egiteko hainbat desjabetze egin beharko direla eta Laudioko eta eskualdeko hainbat pertsonei zuzen eragiteaz aparte guztioi eragingo digula, guztionak diren mendi publikoak enpresa energetikoen esku geratuko baitira.
Gainera, honek guztiak ez ditu gure lurraldeko ingurumen arazoak konponduko, areagotuko baizik. Ezin da ahaztu energia hau ez dutela beste energia-iturrien ordezko bilatu nahi (nuklearra barne); osagarri giza baizik. Argi dago eredu energetikoa aldatu nahi ez dutela, eta energia eta enpresa berdez hitz egiten digute gure ingurumena deuseztatu eta kutsatzen duten bitartean.
Horren aurrean, zer egin liteke?
Informazioa zabaltzea da lehengo premia, behintzat jendeak zer egin nahi duten jakin dezan. Administrazio eta enpresek ez dute jendearen parte hartzea eta informatzea nahi, nahiz eta administrazioek hau bermatu beharko luketen. Horretarako duela hainbat aste informazio kanpaina bat jarri genuen abian, eta hainbat eragileekin kontaktuan jarri ginen.
Behin hau lortzen dela, proiektua geldiarazteko jendearen mobilizazioa lortu behar da. Herrien eta eskualdeen mobilizazioek beste proiektu batzuk geldiarazi egin dituzte, hala nola duela gutxi Arabako mendi aldean geldiarazi zen Goi tentsioko linea. Argi utzi nahi dugu, administrazioak presionatuz eta mobilizazioen bidez proiektuak geldiarazi daitezkeela. Gainera azpimarratzekoa da eragile sozial, sindikal eta politiko asko, Arabako mendi federazioa, Arabako hainbat udal eta Arabako foru aldundia alde ditugula.
Nahiz eta mobilizazioak tresna garrantzitsu eta funtsezkoa izan, aukera bakarra ez direla ikusten dugu. Proiektu guzti hauek zelan ari diren egiten ikusi dugu, ez da legeriaren eta udal arautegiekin betetzen eta beraz, tramite batzuk ez dira bete edo era desegokian egin dira. Baliabide gehiago izango bagenitu edo administrazio lokalen laguntza egongo balitz, argi daukagu proiektu hauen eraikuntza gelditu edo behintzat oztopatu ahal izango genukela.
Taldea osatu duzue, zeintzuk izango dira emango dituzuen hurrengo pausuak?
Arabako eta Bizkaiko beste talde eta plataforma batzuekin kontaktuak jartzen hasiak gara, eta haiekin koordinatzen hastea daukagu helburu. Honek informazioa elkartrukatzeko, zabaltzeko eta mobilizazioak egiteko erraztasunak ekarriko ditu. Horrela, informazio kanpainarekin eta mobilizazioekin jarraitu nahi dugu. Horretarako, ekainaren hasierarako Hitzaldi eta eztabaida bat prestatzen hasiak gara, non jendea parte hartzera gonbidatzen dugun. Horretaz aparte, beste mendi martxa bat eta beste ekintza batzuk burutzea daukagu helburu. Gure ekimenetan jendearen parte hartzera sustatu nahi dugu. Gainera, haien iritzia eman, informazioa jaso edo elkartrukatu, edo gurekin harremanetan jarri nahi dutenentzat, ostiralero arratsaldeko 19:00etan Laudioko kultur etxean aurkituko gaituzte edo gure posta elektronikora idatzi dezakete: jesuritaganekobizirik@gmail.com