Laudioko Aldaiko Irristaketa Kirol Taldekoek "Irristaldia" ekimena antolatu dute bigarrenez. Hitzordua maiatzaren 21ean izango da, larunbatean. Txetxu Urkijo taldekideak azaldu duenez, bi ibilbide egongo dira: umeena eta helduena. Gazteenek 4 km inguruko ibilbide bat osatuko dute. Helduek, berriz, 12 kilometroko ibilbidea.
Irristaldia Aldaikoerreka plazatik goizeko 10:30ean abiatuko da, "12:30ak aldera leku berean amaitzeko". Aurreratu duenez, izen-emateak bi era desberdinetan egiteko aukera egongo da: "Aldez aurretik elkartearen kontu-korrontean diru-sarrera bat eginez edo egunean bertan, 9:30etik 10:00etara irteera puntuan". Bi kasuetan helduek 3 euro ordainduko dute, eta haurrek 2 euroko kuota.