Herri txikiek badute handi bilakatzen dituzten ezaugarri bat: nortasuna. Aiaraldean ugariak dira batzar administratiboen bidez, udaletxerik gabe, funtzionatzen duten herriak. Horietako bat, Artomaña da. Barrerilla portuaren magalean, Urduña hiriaren alboan kokatuta dago. Mendatearen oinak direla ere esan genezake, behean egon arren bizilagunek herriaren aldeko urratsak ematen jarraitzen baitute.
Batzuetan lan, besteetan jai. Hori da aiaraldearren legea. Eta, oraingoan ere, bada Artomañan lanean arituko direnengana hurbiltzeko beste arrazoi bat: Artomañako jaiak. Larunbatean hasi eta igandean amaituko dira. Bi egun, hamaika bizipen.
Izan ere, larunbatean goizeko hamarretan piztuko dituzte jaiak, Gorka Deunaren omenez botako dituzten suziriek. Hamabietan, Ixalde trikitixa taldearen eskutik kalejira eta diana egongo da. Luntxa, briska txapelketa... ohiko ektialdiak ez dira faltako. Dena dela, bada beste herrietan aurkitzea zaila izaten ekitaldi bat: hegazkin eta helikopteroen erakusketa estatikoa. Nerbioi RC taldeak antolatuta, egun osoan zehar egongo da begien eskuragarri. Larunbat gauean, aldiz, kontzertuek hartuko dute protagonismoa. Hain zuzen ere, Urduñako Versen eta Amurrioko Apurtu arte taldeak ariko dira kantuan.Igandean, meza eta haurrentzako prestatutako parkea izango da nagusi.
Asteburu honetan zerbait berezia egin nahi baduzue, beraz, badakizue: aprobetxatu aukera!