Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait ikastetxeetako guraso eta irakasleak ikasgeletan wifi sistema jartzearen aurka batu dira. "Helburu jakin batekin elkartu gara, ekipo informatikoen lotura egiteko kablea erabili ahal izatea Eskola 2.0 programa jarraitzeko", adierazi dute.
Eusko jaurlaritzako hezkuntza sailak martxan jarritako programa da Eskola 2.0. Azaldu dutenez, prograaren helburu pedagogikoekin bat datoz. Alabaina, ordenagailu guztien arteko datuak trukatzeko lotura wifi bitartez egin behar dela dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak. "Hau da guk inolaz ere onartzen ez dugun puntua", kritikatu dute. Guraso eta irakasleen ustez, helburu pedagogikoak dira garrantzia izan behar duteneak, ez horiek lortzeko erabilitako teknologia motak. Haatik, osasun kalte "larriak" eragin ditzakeela iritzita, kablea erabiltzeko aukera aldarrikatu dute.
Era berean, Lezoko herri eskolan gertatutakoa salatu dute: "Eskola kontseiluaren erabakiari jarraituz, klaseak kableatzeko erabakia hartu eta proiektua hezkuntza sailean aurkeztu zuten ala eskatu zietelako. Oraindik ez dute jaso proiektuari buruzko erantzunik baina duela gutxi Eusko Jaurlaritzak kurtso hasieran banatutako ordenagailu eramangarriak kendu egin dizkiete".
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari jarrera autoritarioa hartzea egotzi diote: "Eusko jaurlaritzak erakutsi duen jarrera autoritario hori salatu nahi dugu ez bait digu inolako aukerarik uzten wifi konexiorik erabili nahi ez dugun ikastetxeontzat". Bestalde, Lezoko herri eskolak hartutako erabakia txalotu dute. "Ikastetxeko estamentu guztiek hartutako erabakia tinko defendatzeagatik", pozik agertu dira.