Ezker abertzalea: “Zabor bilketa neumatikoa proiektu txar bat isunekin estaltzeko nahia da”

Laudioko ezker abertzaleak gogor kritikatu du zabor bilketa neumatikoaren funtzionamendu "egokia" finkatzeko udalak isunak jartzeko duen asmoa. Zinegotzi abertzaleen arabera onartezina da EAJren utzikeria eta gaitasunik eza ezkutatzeko funtzionatzen ez duen sistema bat isunekin estali nahi izatea. Bi urte igaro dira zaborra biltzeko sistema aldatu zutenetik. "Lotsagarria da EAJ eta Menoyok isunak iragartzea sistema gaizki erabiltzen duten lagunentzat", azpimarratu dute.

Laudioko ezker abertzaleak gogor kritikatu du zabor bilketa neumatikoaren funtzionamendu "egokia" finkatzeko udalak isunak jartzeko duen asmoa. Zinegotzi abertzaleen arabera onartezina da EAJren utzikeria eta gaitasunik eza ezkutatzeko funtzionatzen ez duen sistema bat isunekin estali nahi izatea. Bi urte igaro dira zaborra biltzeko sistema aldatu zutenetik. "Lotsagarria da EAJ eta Menoyok isunak iragartzea sistema gaizki erabiltzen duten lagunentzat", azpimarratu dute.

Ezker abertzalearen iritziz proiektua txarra eta ez ekologikoa da. "Martxan jarri aurretik buzoien kolorea aldatu dute, berdea kendu eta marroia jarriz. Bi urte ere ez dira pasa eta buzoi guztien kolore eta ahoak -zaborraren tamaina kontrolatzeko- aldatu behar izan dituzte". Gaineratu dutenez, zenbait lekutan jada ezarritako laugarren zaborrontzia ez du proiektuak aurreikusi. "Honek epe motzean buzoiak berriro aldatu beharra eta ontzien edo paperaren edukiontziak kalera ateratzea ekarriko du".

Adierazi dutenez, guztira, 6.640.348, 34€ bideratu dira zaborra biltzeko sistema berrira. Ezker abertzalearen ustez, izandako atzerapen, moldaketa eta aurreikuspen ezak proiektu txar honen prezioa %20 baino gehiago handitu du. "Gutxi batzuen gaitasun eza dela eta laudioar guztiok behar baino 1.208.420,09€ gehiago ordainduko ditugu". Horretaz gain, sistemaren kontra agertu dira etengabe ataskatu eta zabor guztia ez delako buzoietan sartzen.

"Sistema ez ekologikoa"

Ezker abertzaleko zinegotzien hitzetan zabor bilketa sistemari zerbitzu osagarriak falta zaizkio: kartoiaren atez ateko bilketa dendarientzat, buzoien inguruan dagoen zaborra biltzeko kamioia... "Kamioi bidezko zabor bilketa ez da desagertuko sistema neumatikoa bere osotasunean ezarri arren, hau ez baita herriko auzo eta txoko guztietara helduko", gaineratu dute. Zaborra alfonbraren azpian sartzeari ekologikoa ez dela deritzote. "Zaborra arazo larria da, eta ezkutatzeak, lurperatzeak ez du ezer konpondu ez hobetzen. Gure burua engainatu edo kontzientzia lasaitzeko balio dezake baina besterik ez". Hargatik, zaborraren inguruko eztabaida "lasai" bat irekitzearen aldeko apustua berresten dutela adierazi dute eta herriarentzako aproposena eta eraginkorrena dena denon artean adosteko eskatu: "Ezin da kanoikaden bitartez euliekin bukatu, ezta isun bidez eraginkor bihurtu gaizki pentsatu eta planifikatutako sistema".

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide