Laudioko gazte mugimenduak emakumearen eguna dela eta ekitaldi ugari antolatu ditu. Adierazi dutenez, berdintasuna lortzeko herritarrak kontzientziatu eta mobilizatzea dute helburu. Izan ere, emakumearen aurkako eraso fisikoez gain egungo sistemak ez du parekidetasuna bermatzen gazteen iritziz. Hori dela eta, herriko ikastetxeetan lan uztea deitu du biharko ikasle mugimenduak. 11:00etan hitzaldi bat egingo dute Laudioko gaztetxean; Euskal Herriko Gazte Feministen ordezkari bat emakumeen borrokaz mintzatuko da. 12:00etan, aldiz, Lamuza plazara abiatuko dira, "Emakumearen aurkako erasorik ez" lelopean egingo duten kontzentraziora.
Martxoaren 8an, nazioarteko emakumearen eguna izaki, ez da berdintasunaren aldeko ekimenik faltako. 18:30ean, esaterako, bideo-emanaldia izango da gaztetxean. 20:00etan, berriz, Lamuza plazan kontzentrazioa egingo dutela jakinarazi dute.