Latiorro auzoko sarbidean eraikitako Apaloetako biribilgunearen eraginkortasunaren zalantza agerian utzi dute auzokideek. Iragan astean umeen joan-etorrirako autobus bat trabatuta geratu zen biribilgunean errailek duten zabalera murritzagatik. Egun batzuk baino ez dira pasa biribilgunea ireki dutenetik. Laudioko udaleko obren zinegotziaren arabera, dagozkion frogak arrakastaz gainditu dituelako zabaldu dute.
Auzokideek salatu dutenez, autobusa trabatu ondoren kamioi batek izandako arazoak auto-ilara sortu zuen, eta Udaltzaingoak bertaratu behar izan zuen. Gaineratu dutenez, Vidrala enpresatik birziklatzeko beirarekin jaisten diren kamioiek trafikoa oztopatu egiten dute Latiorro ikastetxeko errepidea norabide bakarreko bihurtu dutelako. Egoeraren aurrean, ugariak dira Latiorro auzoko herritarrek agertutako kexa eta protestak. "Nazkatuta gaude protesta egin eta kasu ez egiteaz". Horregatik, ETB2ko "Euskadi directo" telebista saioari dei egin eta 13:30ean grabaketa egiteko asmoa dute. Zenbait ataritan jarri dituzten kartelekin bertaratzeko deia luzatu diete auzokideei. "Harrigarria da telebista etorriko dela jakitean biribilgune barruko lurra kentzen hastea langileak. Seguru kamioi eta autobusak utzitako markak ezabatzeko direla", azaldu du auzokide batek.