Autobidea eta Latiorro auzoa batzen dituen errepidean, hots, Garmaka auzoko sarreran biribilgunea eraiki nahi du Udalak. Era honetan nahi dute Kurutze industrialguneko sarrera eta kamioien aparkalekurako sarrera hobetzea. Finean, Latiorro auzoa hobeto komunikatzea. Laudioko Udala eta Arabako Diputazioa dira proiektua abian jarri dutenak. Egitasmoak, baina, badu arazo bat: biribilguneak JEZ enpresak abiadura handiko trenen errailak egiteko behar duen lursail bat barnebiltzen duela. JEZekoen esanetan, ezinbestekoa da eremu hori enpresarentzat. "70 metroko luzeera duten errailei buelta emateko erabiltzen dugu eta ez dago maniobra hori gauzatzeko beste eremurik". Hargatik, Udaleko teknikariek biribilgunearen diseinuarekin lanean jarraitzen dute.
Irtenbideetako bat biribilgunearen azalera murriztea da, baina ezinezkoa dela jakinarazi dute norabidea aldatzeko maniobra ezingo litzatekeelako gauzatu. Goikoplazako auzokideek, behin baino gehiagotan aurkeztu dituzte eskaerak Udalean autobidetik Eroskira doan oinezkoen gunea seguruago bilakatzeko neurriak har ditzaten.