Larunbatean abiatuko da "bete!" leloa duen aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketa. Bost kanporaketa desberdinetan 30 bertsolarik hartuko dute parte. Horien artean daude Ainhoa Comas (Amurrio), Unai Mendibil (Larrinbe), Izar Mendiguren (Laudio) eta Serapio Lopez (Baranbio).
Basalarrina elkartea izango da bertsozale guztien topaleku. Bertso saioa afalostean izango da. Arabako Bertsolari Txapelketako koordinatzaile den Asier de la Fuentek adierazi duenez, Amurrioko Txokogorri tabernan eta Laudioko Ilargi tabernan jarri dituzte afarirako txartelak salgai.
Txapelketari 22:00etan emango zaio hasiera. Lierni Altuna gai-jartzailearen esanetara, Oihane Perea, Xabi Igoa, Bingen Sainz, Alberto Martinez, Ainhoa Comas eta Rikardo Gonzalez de Durana ariko dira kantuan. Zazpi bertso puntuagarri abestu beharko dituzte: zortziko handian eta txikian hiruna ale, puntu erantzun bat eta hitz bati bertsoa. Bestalde, AIEBEk -Aiarako Bertso Eskolak- bertsotrikipoteoa egingo du Bazter tabernatik abiatuta 19:30ean.