Etxez etxe abestu eta eskean ibiltzearena da Agate Deunaren bezperako ohitura. Alabaina, Felix Mugurutzak azaldu duenez jai horrek negu erdiko bestelako ospakizun zaharrago batzuk ezkutatzen ditu. "Kristautasunaren aurrekoak dira, Kandelaria eta San Blasekin batera, otsailaren 2an eta 3an ziklo bat osatzen duena. Natura iratzartzea da, antropologo adituen esanetan, egunotan ospatzen duguna".
Kantua dela-eta, duela gutxira arte ohitura tokian tokikoari egokitutako koplak abestea zen, hartzailearen alde on edo txarrak goraipatuz. "Hau da, errepikatzen zen kantu-leloaz aparte, gehiena inprobisatzen zen", dio. Egun, "Aintzaldu daigun Agate Deuna" abesten da. "Letra zehatza zein den ez da jakiten hainbat aldaera dagoelako". Dena dela, ziurtzat jotzen dute adituek Evaristo Bustintza "Kirikiño" (1866-1929) euskal idazle mañariarrak asmatu zuela. "Bere kantu ezagunean garaiko hizkuntza-garbizaletasuna nabaria da, urrutira joan barik, santuen izena bera: Agate Deuna, herri tradizioan Agata, Ageda, Gadea...".