Zanpazu Bizirik Aiara eskualdeko taldeak jakinarazi du Jesuriko parke eolikoak kalte konponezinak eragingo dituela Orozko, Laudio eta Amurrio herrietan. Azaldu dutenez, Guascor enpresak 8 aerogeneratzaile jartzeko asmoa du, Zanpazu Bizirik plataformak Eusko Jaurlaritzaren konplizitatea salatu du. Taldekideen arabera eskualdeko mendietan kokatuko dituzten generatzaileek 126,5 metroko altuera izango dute "Bilboko Iberdrola dorreak 165 metro ditu, eta jarri nahi dituztenek dorre erraldoi horrek baino 40 metro gutxiago".
"Aldizkari ofizialean argitaratu aurretik prentsan iragarritako proiektu baten aurrean gaude, helegitea aurkeztu dugun elkarteei ez digute erantzun eta ingurumen arloan informazioa eskuratzeko 27/2006 Legea urratu dute", nabarmendu dute. Plataformaren iritziz ez dute hegaztiengan izango lukeen eragina aztertu: "instituzioak erromatar borrokalariz jantzi dira, ikusten ez duten eta ikusi nahi ez duten errealitateari aurre egin nahi diote, aurre egitea bera planteatu gabe".
Hargatik, adierazi dute, administrazioak muzin egiteagatik tribunaletara joko dutela. "EAEn dauden parke eolikoetako aerogeneratzaile zaharrak berrituko balituzte, ez lukete mendi gehiago zapuztu beharrik", gaineratu dute.
Hori dela eta Zanpazu Bizirik plataformakoek dei egin diote gizarte, alderdi politiko, udal, elkarte eta mendi taldeei Jesuri "akabatuko" duen parke eolikoaren egitasmoa gelditzera, "enpresa eraikitzailearen parte ez badira behintzat".