Urteak dira Laudioko Gazte Asanblada sortu zela. Ondorioz, asko dira autogestioaren aldeko hautua egin eta urte askotan zehar Laudioko gazteei alternatiba bat eskaintzeko lanean aritu diren gazteak. Hori dela eta, Laudioko Gazte Asanbladaren historia gogoratu eta konpartitzeko belaunaldi ezberdinen arteko afaria antolatu dute gaztetxean. Topaketa honen bitartez, egun euskal museoa edo museo gastronomiko gisa ezagunagoa den eraikina gaztetxea zeneko lekukotza zein gaur egungo gaztetxea den Lamuza parkeko egoitzaren nondik norakoak konpartituko dituzte. Era honetan, gazte asanbladako kideak izan diren pertsona oro elkartu eta belaunaldien arteko harremana sustatu nahi dute.