LAB sindikatuak urtarrilaren 27an Hego Euskal Herria osoan zehar sindikatu gehienek deitu duten greban parte hartzeko deia luzatu dute. "Pentsio erreformaren aurka errespetatu langileon eskubideak!" lemapean egin dute salaketa.
"Euskal gehiengo sindikalak greba orokorra iragarri du inposatu nahi diguten pentsio erreformaren aurka", ohartarazi dute. Langile Abertzaleen Batzordekoen ustez erreforma horretan jasotzen diren neurriak "argi eta garbi" langileen aurka eta patronalaren mesedetara daude bideratuak. Hori dela eta, urte luzeetan lortutako eskubideak zapaldu nahi dituztela salatu dute. Hargatik, diote, euskal langileei "beste behin" gogor erantzutea dagokiela. Bide horretan, urtarrilaren 27an Pentsioen Erreformari ezezkoa emateko deialdiekin bat egitea eskatu diete herritarrei.