Orozkoko herritar batzuek Adie hautesle elkartea sortu dute. Izenak "asmoa" esan nahi du Orozkoko hizkeran. Josu San Pedro kidearen hitzetan, herritarren artetik sortu dute kolektiboa, eta udalaren kudeaketa aldatzea dute helburu. Adiekoen iritziz, kezkagarria da udalaren eta herritarren artean dagoen komunikazio eza : "Edozein udalaren eguneroko egitekoaren atal nagusiak herritarrekin bitartekaritza lanak egitea izan behar duelakoan gaude. Udal-kudeaketan herritarren partaidetzak funtsezko garrantzia du, beraz, jendearen bizi-kalitatea hobetzeko orduan. Orozkoko udalean, berriz, herritarron iritziak ez dira kontuan hartzen udalerria gobernatzeko orduan".
Hori dela eta, paper zuria eskuan aritu dira auzoz auzo, herriko kultur eta giza elkarteetan eta hainbat adineko jendearen artean problemak, kezkak, proposamenak eta konponbideak biltzen. "Orozkoko jendearen interesen alde behar egiteko helburua daukagu, ez ideologia politiko baten aldekoa. Gure ideologia politikoa Orozko da. Kide bakoitzak bere ideia politikoak ditu, jakina, baina gure taldea ez da ideia horiek defendatzeko eztabaidagunea, horretarako bestelako toki batzuk daude", azaldu dute. Guztira, 200 arazo jaso dituzte. "Hori izango da gure lan programa".
Hauteskunde garaia irekitzear badago ere, alderdiekiko desabantailak ez die Adiekoei bidea itxi: "Alderdi politikoen hauteskunde-programak oso egokiak dira estatu edota erkidego mailako kudeaketarako, baina askotan ez dira batere interesgarriak udal mailan. Gure taldearen lan-esparrua Orozkoko udalerria da, beraz, herritik kanpoko inork ez du baldintzatuko gure jokaera. Gure erabakiak Orozkoko herritarrek esaten digutenaren arabera hartuko ditugu, ez diegu kasurik egingo bestelako erakundeei"
Hargatik, "herritik, herriarekin eta herriarentzat" osaturiko taldea aurkeztuko dute igande honetan. Hitzordua, Orozkoko Donibane Aretoan izango da, goizeko 12:00etan. Egun, PNV-EAJk bederatzi zinegotzi ditu Orozkoko Udalean, EAk bat, eta PPk beste bat. Bizkaian, aldiz, 13 dira talde independenteek gobernatzen dituzten udalak.