Laudioko Aralarren arabera, onartezina da Alberto Acero plazaren inguruan egitekoak diren pisuen eraikitze data Vallehermoso enpresak atzeratzea. Prentsa oharrean adierazi dutenez, beharrezkoa da gunearen eraberritzea. Aitortu dutenez, jakitun dira egoera sozioekonomikoak etxegintzan eragin duen krisiaz. Aralarrekoentzat ulergaitza eta onartezina da Alberto Acero plazaren egoeraren erantzulea krisia egitea. Andoni Estefania alderdikidearen iritziz, ez da sinesgarria Vallehermosokoen arrazoibidea. "Etxebizitza hauen promozioa beraien lehentasunen artean dagoela diote, aitzakia dirudi beraien adierazpenak, eta beharrezkoa ez den luzapena ezartzen ari dira obrari dagokionean".
Estefaniaren hitzetan, promotoreek egitekoak betetzen ez dituztenean aplikatzeko baliabideak ditu. "Laudiok ezin du onartu herriaren erdiko gune ireki eta garrantzitsu batek halako gabezia izatea promotore partikular batek egin beharrekoak ez betetzeagatik". Hargatik, Vallehermosok burutu ez duena beste promotore batek hasteko eskatu dute. Hori dela eta, aurreratu dute, epe motzean herrigunea adierazi bezala konpontzeko helegite juridikoa aurkeztea aztertzen ari direla. "Krisi honek kooperatiba gisa etxeak eraikitzeko asmoa dutenak bildu eta haien etxeen eraikuntza kudeatzeko aukera ematen du. Beharrezkoa da norabidea aldatzea".