Etxebarria baserria ahalik eta kalitate onenarekin kontserbatzeko eraikina aztertzen ari da Laudioko Udala, Arabako Aldundiarekin batera. Izan ere, baserriaren fatxadan XVI. mendeko margolanak ageri dira. Adituen arabera, gehiegizko hotzak, beroak eta hezetasunak irudien ezabatzea ekarri lezake. Hori dela eta, Oihana Gomara ezker abertzaleko zinegotziak kezka agertu zuen aurreko asteko udalbatzan. Jon Karla Menoio alkateak adierazi zuenez, une honetan Arco Atlántico konstruktorearena da baserria. Arabako Diputazioaren gomendioei jarraiki, otsailean irekiko duten diru laguntza deialdian egitasmoa aurkeztu eta etxeari beharrezko babesa emateko behar den metodoa bilatuko dute. Urgentziaz aplikatuko dituztela iragarri duten neurrien artean daude urteen poderioz erori diren eraikinaren zatiak berreraikitzea edo orain gutxiko suteak eragindako kalteen konponketak.
Ekainean, Amalur fundazioa eta Etxebarria Baserriaren lagunek eraikinaren egoera tamalgarria salatu eta konponbidea bilatzeko 500 sinadura bildu zituzten.